Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-11 16:50:33
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-09-14 -- 2150.zenb

Arantxa Urbe (Hik Hasiko kidea)

Arantxa Urbe

Gasteizko Hezkuntza Sailak derrigorrezko hezkuntzarako euskara, gaztelania eta gutxienez atzerriko hizkuntza bat ikasi eta irakasteko hizkuntza eredu bakarra ezarriko duela adierazi du.

Beude lasai gaztelaniaren desagerpenarekin kezkatuta daudenak. Norbaitek, agian, zor die azaltzea 25 urtetako hizkuntza ereduen esperientziak garbi erakutsi duela EAEko ikasle guztiek maila onargarrian menderatzen dutela gaztelania derrigorrezko ikastaldia amaitzen dutenean. Eta hori, ikasten duten eredua edozein delarik. Are gehiago, D ereduan ikasten duten ikasleek A ereduan ikasi dutenen pareko emaitzak edo hobeak lortzen dituzte. Kezka, aldiz, euskarak sortzen du, sortzekotan.

Laburbilduz, gazteek eskolan, gutxienez, hamalu urte igaro ondoren, eskolatik irteten dira denak gaztelaniatuak, eta gehienak, euskaraz maila onargarrian komunikatzeko gaitasunik gabe.

Hori horrela dela erakutsi dute, gainera, Gasteizko Hezkuntza Sailetik sustatu diren hainbat probek. Azkenak, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoaren B1 eta B2 hizkuntza maila bateratuetan oinarritutako probek.

Ebaluazioen proben datuak, ebidentziak, mahai gainean, Hezkuntza Sailari zintzotasunez jokatzea dagokio, bederen.

Har dezagun beste edozein zientzia, medikuntza esaterako. Ikerlariek terapiaren bat edo botikaren bat eragingarria ez dela eta osasunerako kaltegarria dela frogatuko balute, laster baztertuko litzateke, zalantzarik gabe. Nekez imajinatuko genuke norbait egokiak ez direla frogatu diren horiek iraunarazteko aldarrikatzen eta exijitzen!

Eta gainerako zientziatan horrela gertatzen bada, zergatik hezkuntzan ez?

Derecho a decidir el modelo de nuestros hijos taldea sortu da EAEn. Talde horrek, gurasoek beren seme-alabek zein hizkuntza eredutan ikasiko duten aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen du. Zehatzago esateko, A hizkuntza eredua.

Legeak gurasoei aitortzen die beren seme-alabak zein hizkuntza eredutan hezi nahi dituzten aukeratzeko eskubidea. Horren gainetik, gurasoek beren seme-alabak ahalik eta egokien eta osoen hezteko betebeharra dute, gurasoen betebehar horrek bermatzen baitu benetan seme-alaben eskubidea.

Nahi adina teoria eta hitz jokoetan gal gaitezke. Auzia sinplea da, sormuinera jotzea bezain sinplea: onartuko al lukete beren seme-alabek hezkuntza ibilbidea amaitzean matematika gutxi edo ia ezer ez jakitea?

Edo benetako gakoa ote da ez dutela nahi beren seme-alabek euskara jakitea?

Hori horrela bada, legea exijitzen duenak legea betetzea du zor, eta euskararen legea garbia da horretan: EAEko ikasle guztiek, euskara eta gaztelania jakin behar dute derrigorrezko ikasketak amaitzean!

Oier Araolaza ( dantzaria)

Oier Araolaza

Londresen urduri daude. Eta jendea urduri jartzen denean eztabaidan hasten da. Horrela baietz eta horrela ezetz. Badute arrazoirik urduri jartzeko. Suerte txarra da gero Olinpiar Jokoak txinatarren ondoren antolatu beharra. Azpiegiturak txukun prestatuko dituzte, bisitariei harrera egiteko ez dute ingeles ikastaro berezirik antolatu beharko, eta Elton John beti dago prest bere betaurreko berriak mundu osoari erakusteko. Baina zer dantzatuko dute hasiera eta bukaerako zeremonia horietan? Horrek piztu du eztabaida Ingalaterran.

Olinpiar jokoek uzten duten irudi nagusietakoa da zeremonietako dantza. Azken batean txotxongilo kontua da. Milaka bolondres bildu eta hara eta hona joanarazi behar dituzu, denak batera, ondo sinkronizatuta eta momentu bakoitzari dagokion koloreko kapusaia atera eta ezkutatuz. Ordenagailuz diseinatutako mugimenduak izaten dira, eta gero “dantzari” bakoitzak bit-arena egiten du 0 1 0 0 1...
Txinatarrak dira onenak txinatarrarena egiten, eta olinpiar zeremonien txotxongilo dantza txinatarrek asmatu ote zuten –Made in China omen da hori ere– susmoa zabaldu da Ingalaterran. Ikusi ditugu milaka dantzari txinatar ikuskizun harrigarria egiten eta orain urduritasunak Londresen. Zenbaitek dio Royal Ballet-aren esku utzi behar dela kontua, beste zenbaitek dio hobe dela break dance erakustaldi bat egitea, baina askok eta askok morris dantzariengan jarri dituzte begiak. Milaka morris dantzari bildu eta ikuskizun erraldoia egin behar dela diote.

Euskal ezpata-dantzarien parekoak izan litezke Ingalaterrako morris dantzariak. Baina badago alderik. Adibidez, adinean –dantzari helduak izan ohi dira morris gehienak– eta dantzari buruzko jarreran. Morris dantzariek ez diete batere sinpatiarik dantzari pilaketei. Dantzari eta talde bakoitzaren nortasun bereizian eta dantzakera propioan sinesten dute, eta futbol zelai batean milaka dantzari gauza bera egiten aritzea erabat zentzugabekoa iruditzen zaie. Horregatik oso uzkur ageri dira Olinpiar ekitaldian milaka morris dantzarik batera dantzatzeko proposamenen aurrean: “Gainera –gehitzen dute kritikoek– saiatuta ere, ez ginateke denok batera dantza egiteko gai izango! Ez gara ez robotak ez txinatarrak!”.

Lau urte aurretik eztabaidarako, eta ez justu amore emateko. Morris dantzariek ohore olinpikoari uko egiten badiote, haien irudiak ordenagailuz sortu eta klonatzea proposatu du batek. Ez dago ihesbiderik. Eskerrak Bilbok ez duen –oraingoz– olinpiar ametsik.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan