Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-07-06 -- 2144.zenb

Landareak

Jakoba Errekondo

Arginetxe Baserria Seguran

Hala datozkigu, paisaia ezezagunak. Kultura da, beti, paisaia moldatu eta taxutzen duena. Gure bizimoduaren pulamentuak planeta berotzen ari duela jakinaren gainean, izan ere guk kosta ahala kosta sekula eta beti gainean behar, datorkigunaz jabetzen ahal gara! Hobe dugu!

Landare berozaleentzako harrera aurreskua antolatzen dugun artean, hotzepelak eta beroberak adio esan behar handirik gabe xorro-xorro badoaz. Eta landare batek, gure aldamenean milaka urte eta gero nazka-nazka eginda, gu haizea hartzera bidali eta alde egiten duenean ludi osoa aldatzen da. Errepikaezina den oreka bat betirako suntsitzen da. Kate askotako begi izaki, alde egiten duen landareak beste landare, animalia, perretxiko, bakterio eta abar guztien bizimodua zalantzan jartzen du, batzuetan bateren baten zapuzteraino. Naturaren kaos zoragarrian batzuen amaiak eta besteen krisiak hurrengoaren aukerak dira. Eta aurrera egiteko gai direnek hurrengo oreka bat josten dute, bakoitzaren bizitzeko grinaren irriaz landarearteari aparteko grazia txertatuz, berebiziko dir-dir bat itsatsiz. Emaitza berria, bakarra eta parekorik gabea izango da. Beste paisaia bat. Gure espeziearen bizimoduak biztu eta neurri batean behartutakoa, kultur paisaia. Estetikatik, eta are gehiago etikatik, urrun dagoen ikuslearen ikuspegiko paisaia.

Badoazen paisaiak beharresten ditugu, gero; berandutxo. Baratz-erriberak, zumardiak, belazeak, metak, zuhaitz-motzen basoak, gaztainadiak, artadiak... Mitologia sailetik aztertzen ditugu, mozolo alaenok.

Umetan ezkontezintzat genituen negarra eta barreari ekin diet bart, dakarzkigun paisaiotaz berriketan. Negarra, gaitzak kereta estuegira daraman pinu beltzaren ordezkoaren bila, mendebaldetik dakargun eukalipto txatxu zatarraren aldeko demari arrazoia aitortzerakoan. Barrea, irribarre zuria, berriz, mendi handien hegoaldean, tartean zuhaitz eta zuhaiska bakan batzuk berde nabarmen azaltzen dituzten labore sail amaigabeak urrezko egiten direnekoa, atari aurrean, etxean genuelako. Euriaren gaineko euriak zuhaitzak sekula baino mardulago jantzi ditu eta belardiak, ur-asetuta fas-fas, ezin segatu. Belarrak, laboreen senide, garatu, loratu, fruitua ekarri eta urreztatu dira. Geure hegotik geure iparrera etorri da. Hegora hegoragotik datorkie.

Osasuna

Jabier Agirre

Haragi gorria

Udako tenperatura altuak, estresak, ahuspez lo egiteak eta uda partean ohikoak diren otordu arinek gorputz barruan likidoei eusten diete, eta odol-zirkulazioa eragotzi edo trabatzen duten faktoreetako batzuk dira. Zantzu horiek izanez gero, komenigarria da mediterranear dieta hartzen hastea, dieta horrek zuntz iturri nagusiak diren lekale, barazki eta fruta ugari baititu. Bestalde, zuntzak, koipeak xurgatu eta likido erretentzioa arintzen duten osagaiak askatzen ditu zirkulazioan.

Elikagai horiek, gainera, potasioa dute. Eta mineral horrek drainatzea erraztu eta sodioa, erretentzioa eragiten duen osagaia, bere mailan mantentzen du. Hona hemen beste aholku bat: egunero baratxuri ale bat jatea komenigarria da, zirkulazioa bizkortzen baitu, eta baita platano erdia ere, potasioa ematen duelako. Gatz kontsumoa gutxitzea ere komenigarria da, eta hestebeteak, opil industrialak eta elikagai birfinduak ahalik eta modurik zorrotz eta erabatekoenean dietatik kentzea komenigarri da. Bestalde, otorduak goxoak izan daitezen, gatza erabiltzea debekatuta dagoenez, espeziak erabili daitezke: perrexila, baratxuria, tipula, ipurua edo kuminoa, esaterako. Esnekiak janez gero berriz, hobe gaingabetuak, eta haragi gorri gehiegi jatea ere ez da komenigarria. Haragi zuria, indioilarra edo oilaskoa adibidez, osasuntsuagoa da.

Zenbait kasutan likido erretentzioa arazo serioagoa bilakatu daiteke, eta nekez konponduko da gomendio dietetiko hauekin. Kasu horietan, sendagilearengana jotzea komeni da, sintoma guztiak berari azaldu, eta azterketa egin ostean berak tratamendu egokia jartzeko.

Dena den, jende askok uste du likidoak atxikitzearen arrazoia gorputzean likido gehiegi izatea dela, eta horrexegatik ur kontsumoa ere murriztu egiten dute. Baina horixe da inola ere egin behar ez dena. Ur gehiago edanez gero, gatzak disolbatu egingo dira eta errazago kanporatuko dira. Egunero, gutxienez, sei basokada ur edatea komeni da. Aurrenekoa ohetik jaiki orduko, gau guztian pilatutako likidoak kanporatzen laguntzen baitu.

Materialen zientzia

Joxerra Aizpurua

Pantaila laua

Grafenoa atomo bakarreko zabalera duen karbonozko zuntza da eta Manchesterreko Unibertsitatean aurkitu zuten 2004. urtean.

Orain, unibertsitate bereko Kostya Novoselovek eta haren lankideek grafenozko elektrodoak dituzten gailu nanoak sortu dituzte, eta horri esker izugarrizko iraultza etor daiteke telebistako, telefono eramangarrietako eta ordenagailuetako pantaila lauetan.

Grafenoa optikoki gardena da, kimikoki inertea eta oso erresistibitate txikia duenez oso ongi garraiatzen du elektrizitatea.

Arestian aipatu gailuetan erabiltzen den teknologia indio izeneko elementuan oinarritzen da, baina haren eskasia dela-eta, adituek uste dute hemendik hamar urtera ez dela erabiliko.

Grafenoa karbonoa denez, ez dago lehengai arazorik eta haren produkzioa baino ez da merketu behar. Aipatzen ari garen ikerketak hori ere bideratu omen du; beraz, etorkizunean oso merkeak izan daitezkeen pantailen atarian gaudela uste da.

Ekologia

Joxerra Aizpurua

Hartzak Artikoan

Azken aldi honetan oso arruntak zaizkigu telebistan hartz zurien irudiak, urtzen ari diren izotz zati artean iraupen-borrokan.
Washington Unibertsitateko Joshua Tewksbury eta Kaliforniako Unibertsitateko Curtis Deutsch ikerlari estatubatuarrek diotenez, askoz ere larriagoa da gertatzen ari den berotegi-efektua tropikoan bizi diren izakientzat Artikoan bizi direnentzat baino.

Tropikoan tenperatura aldaketa pare bat gradukoa besterik ez izan arren, espezie ugarik ezin izango du jasan. Antza, espezie batzuek jada oso gaizki jasaten dituzte urtero tropikoetan gertatzen diren aro beroak eta hortaz, mugak gaindituz gero akabo.
Aldiz, Artikoan bizi diren izakiek jasan behar izaten duten tenperatura tartea askoz ere handiagoa denez –zero azpiko gradu askotik hamabost gradurainokoa–, ez dirudi goiko muga hori pixka bat aldatzeak gehiegi eragingo dienik.

Ikerlariek ez dute euren azterketa amaitu, eta orain hiru bide zabaldu dituzte. Batetik, uztetan berokuntzak izango duen eragina neurtu nahi dute, bestetik bertako gizakiengan izango duena, eta azkenik, berotegiak eragingo duen eurien aldaketak landaredian izango duena.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan