Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-06-29 -- 2143.zenb

Landareak

Irrits galgarria

Jakoba Errekondo

Asta uraza

Igebelarrekin (nenufarrak, Nymphaea sp.) bateratsu, 6.500 urte jada, azaltzen da asta-uraza (Lactuca serriola, L. virosa) Egiptoko ikonografian. Jakien gozagarri, oliotarako eta irrits galgarri. Larrutarako haragi-irrika kentzen duelako jartzen ote zuten hildakoen ehortz-lekuetan? Barbiturikoen tankerako eragin lasaigarria ere sortzen du bere izerdi-esneak; hau da, apika, bizitza eternorako lagungarri izatearen arrazoia... Hutsik egin gabe zakil galanta tente margotzen zioten ugalkortasunaren eta sexualitatearen Min jainkoa landare hau aldamenean duela azaltzen da. Bere infusioak bizia salbatu omen zion landare honi estatua bat eraiki arazi zuen Augusto enperadore erromatarrak; loezina amets eder bihurtzen omen zion. Batzuk kitzikatu eta beste batzuei lo har arazi, nola liteke?

Giorgio Samorini etnobotanikari italiarrak argitu zuen zalantza. Asta-urazaren esnean dauden osagai kimikoek aurkako eragin bikoitzak sortzen dituzte, dosiaren arabera. Esne honen gramo bakar batek minak baretu eta atsedena dakar, bi edo hiru gramok aldiz bizkortu, suspertu eta adorea berritzen du. Kaukasoan eta Turkestanen derbitxeek dantza kosmiko erorako trantzean hutsik edo haxixaz nahasirik hartzen dute. Neurri gabeko gehiegikeriak, aldiz, irrits-eza edo irrits-urritzea dakar, eta, adi, bihotz ahula geldi dezake. Kontuz, beraz, Minen haragi-minaren miresle; sorbatz bikoa da letxu basati honen esnea.

1940 aldera arte usu saldu zuen farmazia industria nagusiak bazterreratua duen esne honi, ipularretako etxe gutxi batzuek besterik ez diote eusten. Etxean egitekotan, zurtoinean ebakiak egin, beheko aldean edo goitik behera pixkanaka puskak kenduz, eta bertatik jariatzen duen esnea jaso, lehortu eta hauts egin; infusioan edo erreta hartu. Beste era batera landare osoa txiki-txiki egin eta ur berotan, irakin gabe, sartu eta ore beltz lodi bat egin arte eduki. Erraz hartzeko modu onena alkoholetan aste batzuez sartu, iragazi eta erauzkina ttanttaka edozein edariri erantsita edatea da.

Etxe bueltan dut nik, eta entsaladan gordinik jan ohi dut lohasma, amestia edo Min-minez naizenean...

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan