2008-06-29 -- 2143.zenb
Madrilgo Carlos III Unibertsitateko eta Espainiako Zientzia Ikerketetarako Goi Kontseiluko (CSIC) ikertzaile talde batek eguzki energia erabiltzen duen hozteko teknologia garatu du, negutegi efektua sortzen ez duen eta ozono geruzari kalte egiten ez dion teknologia alegia.
Hotz-makinak, esan bezala, eguzki energia erabiltzen du, baina baita ere, behar izanez gero, beste prozesu batzuetatik sobera geratutako beroa, gehienetan alferrik galtzen dena.
Kanpoko tenperatura 28 eta 34 gradu artekoa denean, tresna berriak 12 eta 16 gradu arteko ur hotza sor dezake. Ur horrek etxebizitzak klimatizatzeko balio du, ur-aire motako bero-trukagailua erabiliz.
Une honetan klimatizazio-tresnetan erabiltzen diren likidoak, neurri handiagoan edo txikiagoan, kaltegarriak dira ozono estratosferikoarentzat, eta haien erabilpena gero eta mugatuago dago.
Beldur sentsazioa geneetan dago itxuraz, baina beldurra eragiten diguten arrazoiak aldatu egin daitezke, adinean aurrera goazen heinean. Horrela dio, bederen, Archives of General Psychiatry aldizkarian argitaratu den azterketa batek.
Ikertzaile estatubatuar eta suediarrek 2.490 bikiren garapena jarraitu zuten, zortzi urte zituztenean hasi eta hogei bitartera. Denbora horretan, beldurra eragin dezaketen hamahiru faktorerekin ea ikaratu ziren galdetu zieten. Iluntasuna, tximistak, dentistari egindako bisitak, armiarmak edo leku altuak ziren faktore horietako batzuk.
Ikerketak baieztatu egiten du pertsona batek beldurtzeko joera handiagoa edo txikiagoa izatea eragiten duten faktore genetikoak aldatuz doazela bizitzan zehar. Haurtzaroan, biki batek beldurra izateko probabilitatea handiagoa zen baldin eta beste biki identikoak ere beldur horixe sentitzen bazuen. Biki ez identikoek (bibitelinoek) ere beldurra eragiten duten faktore berberez ikaratzen ziren, baina proportzio txikiagoan. Eta horrek adierazten du badela osagai genetiko bat beldurrean.
Hala ere, umeak izutzen zituzten faktore horiek ez zuten berdin iraun, bikiak haziz joan ziren heinean. Biki batzuek gauza beren beldurra sentitzen zuten zortzi urterekin, baina ez hamabost edo hogei urte zituztenean. Eta behin heldu ondoren, pertsona horiek sentitzen zituzten beldurrak ez ziren ez beraiek, eta ezta beraien bikiek ere nerabezaroan sentitu zituztenak.
Adin bakoitzean beldur sentimendua eragiten duten geneak ezezagunak dira oraindik. Ikertzaile taldearen iritziz, gene horiek identifikatzeko lana hasi besterik ez da egin. Gene diferenteak aldarte edo izaera mota jakin batzuekin lotzeko saioak ere hasierako fasean daude. Itxaron egin beharko dugu, beraz.
Igebelarrekin (nenufarrak, Nymphaea sp.) bateratsu, 6.500 urte jada, azaltzen da asta-uraza (Lactuca serriola, L. virosa) Egiptoko ikonografian. Jakien gozagarri, oliotarako eta irrits galgarri. Larrutarako haragi-irrika kentzen duelako jartzen ote zuten hildakoen ehortz-lekuetan? Barbiturikoen tankerako eragin lasaigarria ere sortzen du bere izerdi-esneak; hau da, apika, bizitza eternorako lagungarri izatearen arrazoia... Hutsik egin gabe zakil galanta tente margotzen zioten ugalkortasunaren eta sexualitatearen Min jainkoa landare hau aldamenean duela azaltzen da. Bere infusioak bizia salbatu omen zion landare honi estatua bat eraiki arazi zuen Augusto enperadore erromatarrak; loezina amets eder bihurtzen omen zion. Batzuk kitzikatu eta beste batzuei lo har arazi, nola liteke?
Giorgio Samorini etnobotanikari italiarrak argitu zuen zalantza. Asta-urazaren esnean dauden osagai kimikoek aurkako eragin bikoitzak sortzen dituzte, dosiaren arabera. Esne honen gramo bakar batek minak baretu eta atsedena dakar, bi edo hiru gramok aldiz bizkortu, suspertu eta adorea berritzen du. Kaukasoan eta Turkestanen derbitxeek dantza kosmiko erorako trantzean hutsik edo haxixaz nahasirik hartzen dute. Neurri gabeko gehiegikeriak, aldiz, irrits-eza edo irrits-urritzea dakar, eta, adi, bihotz ahula geldi dezake. Kontuz, beraz, Minen haragi-minaren miresle; sorbatz bikoa da letxu basati honen esnea.
1940 aldera arte usu saldu zuen farmazia industria nagusiak bazterreratua duen esne honi, ipularretako etxe gutxi batzuek besterik ez diote eusten. Etxean egitekotan, zurtoinean ebakiak egin, beheko aldean edo goitik behera pixkanaka puskak kenduz, eta bertatik jariatzen duen esnea jaso, lehortu eta hauts egin; infusioan edo erreta hartu. Beste era batera landare osoa txiki-txiki egin eta ur berotan, irakin gabe, sartu eta ore beltz lodi bat egin arte eduki. Erraz hartzeko modu onena alkoholetan aste batzuez sartu, iragazi eta erauzkina ttanttaka edozein edariri erantsita edatea da.
Etxe bueltan dut nik, eta entsaladan gordinik jan ohi dut lohasma, amestia edo Min-minez naizenean...
AEBetako gobernuak eta IBMk iragarri berri dute munduko ordenagailurik azkarrena eraiki dutela: segundoko mila bilioi eragiketa burutu ditzake. Makinari Roadrunner deitzen zaio eta 7.000 plaka eta 120.960 prozesatzaile ditu.
Helburu militarrekin garatutako makina hau Los Alamos-eko Energia Departamentuan instalatuko da, “arma nuklearrek lehen segundoan duten portaera aztertu ahal izateko”. Beste erabilpen batzuk ere emango zaizkio ordenagailuari, klima-ereduetan, energiari buruzko ikerketetan eta astronomian, esaterako.
Makina egitea 100 milioi dolarretik gora kostatu da eta sei urte behar izan dira horretarako. Bitxikeria gisa esan dezagun aurreko errekorra ere IBMk zuela, Blue Gene makinarekin; orain ia bikoiztu egin dute haren abiadura. Hona hemen adibide bat: munduko 6.000 milioi biztanleok ordenagailu baten aurrean 46 urtean gelditu gabe egingo genukeen lana Roadrunner-ek egun bakar batean burutuko luke.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa