Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-06-22 -- 2142.zenb

Urriaren 25eko Herri kontsulta

Kontsulta Legea: aurten txupinazoa EHAKren esku

Xabier Letona

Astebete falta da Eusko Legebiltzarraren gainean zerua jausiko den ala ez jakin dezagun. Seguruenik halakorik ez da gertatuko, fisikoki bederen, eta bertan izango direnek lasai egin ahalko dute lo. Guztiek? Guztiek ez, Ibarretxe lehendakariak behintzat ez, eta berarekin batera Jaurlaritza osatzen duten EA eta Ezker Batuko kideek ere ez. Orrialdeotan, halaber, euskal kultura eta gizarteko zortzi herritar ezagunek Jaurlaritzak proposatutako kontsultaz duten iritziak bildu ditu Mikel Asurmendik.

Hilaren 27an bozkatuko da Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzak aurkeztutako Kontsulta Legea. Hartu edo utzi, bai ala ez. Aurrera atera dadin, tarteko bideak ez du balio. Ezezkoaren aldean dira PSEren (18) eta PPren (15) parlamentariak, konstituzio harresiaren ostean ondo babestuak. Hirukoak 31 eta Aralarko boto bakarrarekin 32, eta PSEk eta PPk beste 32. Parra. Hori da ezagutzen dugun emaitza. EHAK-ko 9 legebiltzarkideen esku dago balantzak zanga handiaren alde batera edo bestera egitea.

Baiezkoa aterako balitz, teorian herritarrek jadanik aski ezagunak diren bi galderak erantzun beharko lituzkete datorren urriaren 25ean: lehena ETArekiko elkarrizketari buruzkoa eta bigarrena erabaki eskubidea egituratuko duen akordioa lantzeari buruzkoa. Kontsentsu nahiko zabala dago zerbaiten inguruan: galderek EHAKren baiezkorako atea zabaltzen dutela, besterik ez bada, 2004ko abenduan Estatutu Berriaren proposamenarekin Batasunak egin zuen bezala, baiezko kritikoa eskainiz.

Baiezkoarekin ezker abertzaleak badaki ondoren Espainiako Gobernuaren helegitea etorriko dela, eta badaki kasu horretan bere botoak jeltzale eta hirukoaren hauteskunde lasterketa sendotzeko erabiliko direla, ez baitu uste kontsultarik egingo denik, gainerako gehienek bezala. Baina badaki, halaber, horrek kontraesanak sor ditzakeela jeltzaleen artean, hirukoan edota Moncloa eta Ajuria Eneko harremanetan.

Ezezkoak Ibarretxe lehendakaria eta hirukoa oso egoera gaitzean jarriko lituzke, hauteskundeak aurreratuko lirateke berehalakoan –iazko irailean lehendakariak esandakoaren arabera behintzat– eta bere etorkizun politikoa erabat kolokan legoke. Euskal gizarteak ekimen honi sostengurik eman ezean etxera joango dela iragarri du, eta Eusko Legebiltzarra EAEko herritarren ordezkari den heinean, ondorioa begi bistakoa da. Edozein modutan, ez dago argi dimisioa kontsultako balizko ezezkoaren ondorio litzatekeen edo Legebiltzarraren ezetza ere etxera joateko aintzat hartuko lukeen.

Baina osoko bilkurara iritsi aurretik ere, proiektua zangotrabatzeko ahaleginen artean PPrena nabarmendu behar. 1998an Unidad Alavesako Enriqueta Benitok Arabarako egin zuen erreferendum proposamena ekarri dute mahai gainera, eta azpimarratzen dutenez, orduan abertzaleek Gernikako Estatutuak kontsultarako eskumenik ez zuela argudiatu zuten proposamenari ezezkoa emateko.

Horrez gain, Legebiltzarreko Mahaiak Kontsulta Legea bigarrengoz onesten badu, PPk agian helegitea jarriko dio Auzitegi Konstituzionalean, zuzenketarako eskubiderik ez dutela izan argudiatuz. Mahaiak, ordea, egin dezake horrelakorik, bai erabakia aho batez onartuz, bai gaiaren berezitasunak hala eskatzen duenean. Eta hirukoaren aburuz, gaiak badu nahiko berezitasun horrela bideratzeko. El Correo-k, adibidez, PPren jokaldi honek 27ko osoko bilkura bera uda ostera arte atzerarazi lezakeela aipatzen zuen duela bi aste. El País-ek, aldiz, joan den astean zioen Zapatero bera ari zela pentsatzen helegitea noiz aurkeztu, orain ala uda ostean, horretarako hiru hilabete ditu eta.

Madrilgo helegitearen funtsa

Argi dago arazoa ez dela juridikoa edo behintzat hori ez dela arlorik garrantzitsuena. Borondate politikorik balitz, arazo juridikoa bigarren mailakoa litzateke, eta dauden ikuspegi kontrajarriak eztabaida politikoaren eremuan jorratuko lirateke. Hori da azken finean urriaren 25eko kontsultarako eskatzen dena. Madrilek auzi juridikoa erabiltzen du arma gisa eta Jaurlaritzak balizko kontsultaren indarra. Legearen indarra versus zuzenean adierazitako herritarren borondatea.

Edozein modutan, honakoa da auzi juridikoaren muinean dagoen ideia borroka. PSOEren Gobernuaren ustez, lege proposamenak Konstituzioa urratzen du, erreferendumak Estatuko gobernuaren eskumena direlako eta, edozein kasutan, autonomia batek herri kontsulta bidez bideratutako erreferendumak Espainiako Gobernuko lehendakariaren baimena behar duelako. Konstituzioaren hainbat artikulu erabili ditzake horretarako, bai 92.a edota 149.1.32.a.

Eusko Jaurlaritzak, aldiz, Gernikako Estatutuaren 9.2 artikulua atera du kapelatik eta honen arabera, “Eusko Jaurlaritzak erraztu beharko luke bere herritarrek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzea”. Kontsulta ez dela loteslea argudiatzen da eta, beraz, erabat zilegi eta legezkoa. 2010erako proposatzen dena bai, hori loteslea litzateke eta ETAren biolentziarik gabeko testuinguruan gauzatzekoa.

Ez da burua asko berotu behar Auzitegi Konstituzionalak zer egingo duen edo arrazoia nori emango dion asmatzeko. Ondorengoak dira prozeduraren tempusak: Espainiako Gobernuak hiru hilabete ditu helegitea aurkezteko eta bere egutegirako gehien komeni zaionean egingo du. Konstituzionalak bost hilabete ditu erantzuteko eta, beraz, horrek esan nahi du baiezkoaren hipotesian, hauteskunde autonomikoak 2009ko urtarrilean edo otsailean izan daitezkeela.

Kontsultak Espainian eta munduan

Konstituzionalak hainbat arrazoi izan dezake Kontsulta Legea atzera botatzeko, baina ez da samurra izango ulertzea nola izan daitekeen zerbait konstituzionala Katalunia eta Andaluzian –hango estatutu berrien eskuduntzetan da herri kontsultarena– eta EAEn ez. Edozein modutan, Katalunian ere ez dago argi bertako gobernu autonomikoak edozer jarri dezakeen kontsultara Espainiako Gobernuko lehendakariaren baimenik barik. Apirilaren bukaeran bukatu zuen aurreproiektu legea Generalitateak eta datozen hilabeteetan Zapateroren jarrera ikusteko aukera izango da. Gaiaren zeruertzean da 2014rako Josep-Lluis Carod-Rovirak autodeterminazio erreferendumaz egin duen proposamena.

Gainean dagoena 2010. urtea da, eta hori da Eskoziako SNP alderdi abertzaleak independentzia erreferendumerako jarritako data. Funtsean, gizarte eskoziarrak begirunez ikusten du erreferenduma, eta inork gutxik jarriko du zalantzan horretarako eskubiderik badenik. Eskozian oposizioan dagoen alderdi laborista berak ere –independentziaren aurkakoa– ez du halakorik buruan. Laboristek erreferenduma ahalik eta lasterren egitea nahi dute, besteak beste ikusten ari direlako gero eta herritar gehiago ari dela independentziaren aldeko gurdi gainera igotzen.

Ezaguna da Suedian, Suitzan eta Amerikako Estatu Batuetan, besteak beste, maiz erabiltzen dela herri kontsultaren tresna. AEBetan legebiltzarrak onartutako edozein lege erreferendumera eraman daiteke herritar kopuru batek hala eskatzen badu: Kalifornian, adibidez, gobernadorearen azken hauteskundeetako boto emaileen %5ek. 26 estatutan herritarrek eska dezakete hautetsiak erreferendumez aldatzea, baldin eta azken hauteskunde egunean botoa emandakoen %25ek hala eskatzen badu. Suitzan edozein lege eraman daiteke erreferendumera, baldin eta legea onartu eta ehun egun baino lehen 50.000 herritarrek hala eskatzen badute.

EAJren baitako tentsioak

Baina tentsio guztiak ez dira alderdi abertzale eta ez abertzaleen artean. Jeltzaleen baitan ere ez dira gutxi izan tirabirak eta Ibarretxerekiko desberdintasunak. Esanguratsuena 2007ko uztailean Josu Jon Imaz artean EBBko lehendakari zela idatzitako “Ez inposatu, ez eragotzi” artikulua, su-etenaren ostean kontsulta egitea guztiz desegokia zela azalduz. Geroxeago ere, urrian, Bilboko alkateak argi adierazi zuen Radio Euskadin egindako elkarrizketan proposamenak ez ziola kilima berezirik egiten, besteak beste, akordio zabalagoen aldekoa delako eta EHAKren balizko sostenguarekin ateratzeak tripako mina emango liokeelako.

Azkenetakoa duela gutxi izan da, eta sonatua, Bilboko hitzaldi batean Jose Luis Bilbaok EAJ-PSE akordioaren aldeko apustu tinkoa egin zuen eta Jaurlaritzako hiruko gobernua agortutzat eman. Ezin esan Ibarretxe-Zapateroren bileraren ia bezperan halakoak adieraztea lehendakariari besarkada beroa ematea denik. Baina barne mailan desadostasunak eta eztabaidak dezente gehiago izan dira, eta sarritan hainbat buruzagi publikoren adierazpenetan ere azaleratu dira. EBBk ezin izan dio eutsi Ibarretxe lehendakariaren bultzadari eta, azkenean, honen lidergoa gailendu da. Eta horretan lagun izan du sektore soberanistena. Arriskuaren aldeko apustua egin du jeltzaleen egungo lider eztabaidaezinak eta emaitzak laster izango dira ikusgai.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan