Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-06-22 -- 2142.zenb

Landareak

Uraza guztien amona

Jakoba Errekondo

Lactuca serriola

Iruditzen zaigunaren aldean sarri galduko gara hemen, nonbait. Hegoaldeko lautada beroetan ezaguna den iparrorratz landare bat Atlantiko aldeko lurretan pixkanaka zabaltzen ari da, asta-uraza (Lactuca serriola). Norakorik gabe bazabiltza eta asta-urazarekin topo egiten baduzu, horra bertantxe zure norakoaren muga. Gararen zurtoinari hostoak heltzen dion oina bihurritu eta hostoa bera zut jartzen du. Zut jartze horrekin Larrea-tarren xede bera lortu nahi du: hego-ipar lerrokatuz eguzki beroenari ihes egitea. Ur eskasiak eta bero galantek erretako lurretakoa dela argi da. Norabidea argitu eta aldamenetik uxatu nahi zaitu, baina pixka batez begiraiozu.

Urteko landarea da, azkarrenak oraintxe loretan eta abuztura arte ez dira ugaltze lan horretan nekatuko. Aurten bat den tokian hurrengo urtean ehunka eta hurrengoan milaka. Lur lehorrak ditu maite: luberri, bide bazter, bete lan...

Uraza bat da, uraza guztien amonetako bat. Ohikoa dugun uraza aukeraren sortzaileetako bat, Eurasiako beste batzuekin batera. Duela 6.500 urte inguruko arrastoek diotenez Egipton lantzen omen zuten, dagoenerako; ez ordea berdea jateko, haziak jakien bizigarri eta oliotarako gai zirelako baizik. Ia erabat ura den landare honek A bitamina eta latex edo esne zurizta du izerdi. Mikatzetan mingotsena den esnea. Mikaztasun hori kentzea izan da milaka urtetako selekzioaren joera, hortik egungo ehunka letxu barietateak.

Jangarria da, baina gazte-gaztetan ere baduen esne zuria kontuz ibiltzeko modukoa da. Lohasma eragiten du, duela 3.000 urte Hipokratesek aitatua, eta XIX. mendean Ingalaterran opioaren ordezko izan da. Bestengusu kanadarrari, Lactuca canadensis-i, “opio basatia” deitzen diote. Sendagarri ezaguna da, baina gehiegi hartzeak eragindako komak ezagutzen dira.

Era guztietako karretoen ugaritzeak bere haziak nonahira iristea samurtzen du. Bestalde, berotze orokorrak bere bizimodurako egokiak diren lur kolonizagarrien muga hegotik iparrera, goitik behera dakar Euskal Herrian. Amonak hor dirau baratzetako bilobak, heren-, lauren-, bosten-ilobak... zaintzen.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan