2008-06-22 -- 2142.zenb
Poliziak German Rodriguez hil zuela 30 urte pasa diren honetan, haren heriotza salatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu 78 San Ferminak Gogoan herri ekimenak.
Horrela, ekainaren 29ra arte Burlatako kultur etxean zabalik egongo da gertaera haiei buruzko erakusketa berezia. Erakusketa horretan hainbat artistek egindako lanak ikusteko aukera dago. Bestalde, herri batzuetan hitzaldiak antolatu dituzte; ekainaren 20an, esaterako, Etxebakoitzen eta Huarten aurreikusi dute hitzaldi bana.
Ekitaldi nagusia ekainaren 27an izango da, ostiralarekin. Bertan, Fermin Balentziak eta Mikel Elizagak konposaturiko kanta ezagutaraziko dute eta 78ko San Ferminei buruzko bideoa ikusi ahal izango da Iruñeko hainbat lekutan. Gainera, zenbait idazlek bereziki egindako testuak ere irakurriko dituzte.
Urtero bezala, uztailaren 8an omenaldia egingo diote Germani bera hil zuten tokian; Iruñeko peñek, 78 San Ferminak Gogoan batzordeak eta Aministiaren Aldeko Batzordeek antolatu dute ekitaldia. Zezenketa bukatutakoan manifestazioan joango dira Carlos III.a etorbideraino; aurten gainera, haren omenezko hilarria hor izango da. UPNren Udal Gobernuak kendu egin zuen obra batzuk aitzaki hartuta, baina iazko azaroan berriz jartzera derrigortu zuten herritarren protestek eta Udal plenoak.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa