Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-06-22 -- 2142.zenb

Nagore Irazustabarrena

Medina Azahara

Medina Azahara ko (Kordoba) kapitel bat enkantean saldu dute duela gutxi. Londresko Christie’s etxeak apirilean ipini zuen enkantean 657.110 euroren truke, baina azken prezioak ia hirukoiztu egin du kopuru hori: 1,66 milioi.

Prezio horrek bi gauza utzi ditu agerian. Batetik, obra islamiarren merkatua gorantz ari dela. Bestetik, oso zaila dela iraganean atzerriko artezaleek “eramandako” obrak jatorriko tokietara atzera bueltatzea. Izan ere, Andaluziako Juntak enkantean parte hartzea erabaki zuen, baina “administrazio autonomikoak ezin du prezio horiekin lehia egin”, Mercedes Mudarra Kordobako kultura delegatuaren esanetan. Kapitela Pennsylvaniako (AEB) Jaunaren Eliza Berriak ipini zuen salgai.

 

Nagore Irazustabarrena

Depilazioa K.a. IV. mendetik aurrera

Erroma, K.o. II. mendea. Adriano enperadore izendatu zutenetik inperioko moda aldatu egin zen: gizonezkoengan, joera berria bizarra izatea zen. Baina horren aurretik erromatarrek bizarra moztu ohi zuten. Eta ez ziren aurpegiko nahiz gorputz osoko ileak kentzen lehenak izan.

Gizakiak, ebakitzeko tresnak asmatu zituztenetik, ileak mozten edo kentzen hasi ziren. Esaterako, Danimarkan K.a. 1500-1200 urteen inguruko kobrezko labana aurkitu dute: irudi mitologikoak dauzka grabatuta, eta ilea mozteko erabiltzen zutela uste dute adituek.

Hori baino lehen, K.a. 3000. urtetik aurrera, gutxi gorabehera, antzinako Egiptoko apaizek buruko ile guztiak kentzen zituzten sistematikoki. Gero, Alexander Handiak aurpegia eta burua ilez garbi izateko ohitura zabaldu zuen bere agindupeko soldaduen artean. Arrazoia ez zen ez estetikoa, ezta errituala ere, praktikoa baizik: ile guztiak moztuta, gatazkan, etsaiek ez zuten Alexanderren soldaduei ileetatik tiratzeko aukerarik izango. K. a. IV. mende inguruan izan zen hori.

Ordurako, Indian hasiak ziren depilazio kontuetan. Gizonezkoen artean, bizarra eta buruko ilea erabat moztea zen ohitura. Gainera, metrosexual hitza agertu baino 25 mende lehenago, bularreko eta pubiseko ileak ere depilatzen zituzten. Indiar emakumeek buruko ilea luzatzen uzten zuten, baina hanketakoak depilatu ohi zituzten.

Antzinako Erroman, Adrianok ile-zaletasuna ezarri baino lehen, gizonezkoak bizarra moztuta ibili ohi ziren. Lehen bizartegiek K.a. II. mendean zabaldu zituzten ateak, Siziliako bizargin trebeenak inperioaren hiriburura iritsi zirenean. Garai hartako ohiturari jarraiki, gizonezkoek 21 urte betetzen zituztenean mozten zuten bizarra lehenengo aldiz, eta festa berezia antolatzen zuten horren karietara. Emakumezkoek, aldiz, bekaineko ileak pintzaz kendu ohi zituzten, eta landare pozoitsuak erabiltzen zituzten depilatzeko krema moduan.

Euskal Herrian ere ilea kendu eta kendu ibili ziren luzaroan. XV. eta XVI. mendeetan, emakume ezkongabeek burua soilduta eraman ohi zuten, burukoari eusteko luzatzen uzten zituzten ile-xerlo batzuk salbu.

Ileen aurkako borroka mingarria inoiz baino biziagoa denean, aspaldiko kontua dela jakiteak kontsolatuko al gaitu?

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan