2008-06-15 -- 2141.zenb
Italian, Marche d'Ancone unibertsitate politeknikoko ikertzaile talde bat koralen zuriketan eguzki-kremek duten erantzukizuna zehazten saiatu da.
Koralak animalia mikroskopikoak dira eta euren bizi osoan zehar barne-eskeletoa etenik gabe handitzen dute. Euren kolorea nahiz jatekoa “zooxanthella” izeneko alga sinbiotikoen bidez eskuratzen dituzte. Baina estresak jota daudenean, koralek algak askatzen dituzte, eta azkar hiltzen dira. Orain arte uren beroketa edo azidotasuna hartu dira estres-faktoretzat, baina aipatutako ikerlarien arabera gero eta eragin handiagoa dute eguzki-kremen hondakinek.
Mexikon, Indonesian, Thailandian eta Egipton hiru koral espezierekin probak egin dituzte, eta emaitzak oso argiak izan dira. Krema kantitate txikiek –10 mikrolitro itsasoko ur litro bakoitzeko– alga partikula kopuru izugarria askatzen zuten hurrengo 18 eta 48 ordu bitartean, eta koralak lau egunetan hiltzen ziren.
Gainera, eguzki-kremen hondarrak dauden eremuetan birus kopuru handiak topatu dira, normalak baino hamabost aldiz handiagoak. Horiek ere infekzio larriak eragiten dituzte koralengan.
Hainbat estimazioren arabera, arrezife tropikaletan urtero oporretan izaten diren 78 milioi turistek 4.000-6.000 tona krema-hondakin isurtzen dute itsasora.
AEBetako Washington unibertsitateko Guozhong Cao irakasleak zuzendutako ikerketan ikusi denez, arto-krispeten egitura eguzki-zeluletara eramanez efizientzia bikoiztu egiten da, eguzki-energia elektrizitate bihurtzeko garaian.
Orain arteko panelek eguzkiko energiaren hamarrena baino ez dute transformatzen; hori hobetzeko ,paneletan tinta bereziak ezarri izan dituzte orain arte. Guozhong Caok, berriz, eguzki-panelen geometria aldatu du eta, hainbat proba egin ondoren, arto-krispetek duten egitura esferiko-porotsua erabiliz ustekabeko emaitza lortu du. Baina hori hasierako urratsa baino ez da izan. Orain, esfera tamaina aproposena lortu nahian dabiltza, emaitzak hobetzeko tarterik badagoela uste dute eta.
1890. urtean William James psikologoak “burrunben erabateko nahasmena” bezala definitu zuen haurtxoen mundua, beraien adimenak inguruan gertatzen zena apenas mimetizatzen zuela esanez. XX. mendearen azken erdian, ordea, haurtxoen gogamena uste baino askoz ere konplexuagoa eta aberatsagoa dela ikusten hasi ziren. Elektroentzefalografiako eta irudi bidezko diagnostiko-teknikak erabiliz, ikusi ahal izan zen ibiltzeko eta hitz egiteko gai izan baino lehen ere haurtxoen gogamena emozio konplexuak –zeloak, enpatia edo etsipena bezalakoak– sentitzeko gai zela.
Bide horretan, denbora luzea darama Londresko Unibertsitatean Psikologia Kognitiboko katedraduna den Gergely Csibrak haurtxoen aurreneko bi urteak ikertzen. Eta umeen ikusmen-prozesuak aztertzen ditu batik bat, aditasun edo arreta-mailarik baxuenetatik hasita, baita begien mugimenduak ere, umetxoek objektuenganako eta pertsonenganako zer-nolako interesa duten jakiteko.
Ikerketa horietan Csibrak alde nabarmenak aurkitu omen ditu sexu batetik bestera. Dioenez, “mutikoek objektuei arreta gehiago jartzen diete, eta neskek pertsonenganako dute interes handiagoa”. Zer esan nahi du horrek? Ikertzaileak dioenez, zaila da oraingoz horri erantzutea, baina litekeena da diferentzia ez izatea kasualitatearen ondorio. Bizitzako lehen sei hilabeteetan, haurtxoak gai dira beren inguruko emozioak nolabait bereizteko, aurpegiko arrastoei begira, batez ere beren amaren aurpegiko adierazpenei begira. Aro horretan, aurpegiko keinuak erabakigarriak dira haurtxoentzat.
Csibrak beste ikerketa bat egin du tximinoekin, jolasek eta ikus-interakzioek haurtxoen garapenean –garapen kognitibo-emozionalean batez ere– duten garrantzia jakiteko. Ikerketa horretan sei hilabetez azpiko haurtxoei itxuraz berdinak ziren tximinoen argazki saila erakutsi zieten. Eta helduentzat ulertezina badirudi ere, haurtxoek ongi bereizten zuten tximino bakoitza, argazkiei jartzen zieten arretak ezin hobeto frogatu zuen bezala.
Ustez arrazoiaren jabetza dugun espeziekoon nora baitik nora ezera hosto baten lodieraren tarterik ere ez da izaten maiz. Galduta, norako bideari ekitekotan naturari begiratu behar, eta ikusi.
Aurrean izanagatik ikusten ez ditugunak ikusi. Adibidez, landareek argia behar dute elikatzeko eta zenbat eta argi gehiago orduan eta jaki gehiago, potoloago, ederrago. Geurean hegoaldera okertuko dira, handik begiratzen baikaitu eguzkiak. Horra lehen arrastoa, landareak ez dira eguzkira makurtu eta hegora okertuko, baina alde horretara adarje trinkoagoa, hostaje mardulagoa izango dute. Era berean, enborra garatzen duten landareetan, honen eraketa dugu bigarren arrasto: egurra moldatzen duten eraztunak hego aldera lodi eta iparrera meheagoak izango dira. Azken hau ez dut esaten, pentsatu egiten dut; bere burua non duen jakiteko astakirtenen batek enborren bat eraistea baliteke eta...
Haitzetan eta haritzetan goroldioa hezeenean haziko da, gehienetan iparraldean. Epelaren bila eguzkiari begiratuko dio ekiloreak edo eguzki-belarraren loreak (Helianthus annuus), baita minberaren hostoek ere (Mimosa pudica). Beste batzuek eguzkiari ihesi, ertzak ipar-hego lerroan izan arte bihurrituko dituzte hostoak, basamortuetako Larrea divaricata-k eta L. cuneifolia-k, adibidez. Amerikarrek iparrorratz landare deitzen diete. Norabidea topatzeko orratz asko dituzte kontinente hartan, Silphium laciniatum da beste bat. Eguzki-belarraren familiakoa da eta Ameriketako indioek bere erretxin ugaria sendagarri ezaguna dute. Hark ere hostoak mugituz eguzki beroenari ihes egiten dio. Hargin beltzetako Henry Longfellow-k 1843an bere Evangelina poeman landare hori bere gaitasun eta guzti aipatu zuenean, botanikari asentatuek isekaz hartu zuten. Besaulki erosoa galdu eta ipurdia hoztuko ote zaienaren beldur, mugitu ere egin nahi ez eta norabidea galtzearen gozamena sekula santan susmatu ere egingo ez dutenak, gaur aurretik ere bazirela...
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa