2008-06-15 -- 2141.zenb
Sirakusa (Sizilia), K.a. 413. Atenastarrak beren itsas inperioa zabaltzen ari ziren eta hurrengo helburua Espartaren aliatu Sirakusa zen. Helburu gaitza zen, batetik Sizilia Greziatik urrun dagoelako, eta bestetik Atenasen soldadu asko behar zirelako, espartarrek hiria hainbatetan setiatu ondoren presioa handia baitzen. Ez zirudien unerik aproposena.
Hainbat historialarik, besteak beste Tuzididesek, planifikazio geopolitiko eskas horri egotzi izan diote Atenasen loraldiaren amaiera. Beste batzuen ustez berriz, atenastarren porrota Delfoseko astrologoen erruz gertatu zen.
Sirakusako espedizioaren buru Nizias generala zen, baina kanpaina bete-betean zela gaixotu egin zen. Laguntzeko, atenastarek
Demostenes jenerala bidali zuten eta hark berehala ikusi zuen Sirakusako setioa eutsiezina zela eta lehenbailehen erretiratzea ezinbestekoa zela.
Demostenes iritsi zenetik hilabete osoa pasa eta Niziasek ez zuen amore ematen. Bitartean, sirakusarrek setioari aurre egiten zioten Espartak bidalitako errefortzuei esker.
Azkenean, Demostenesek Nizias konbentzitzea lortu zuen; etsaiaren errefortzuak etengabe iristen ziren eta ezinbestekoa zen setioa bertan behera uztea.
Baina itzulerako bideari ekiteko dena prest zutenean, ilargi-eklipsea gertatu zen. Delfoseko aztien ustez, seinale txarra zen hori eta Niziasi, ebakuazioa baino lehen “hiru aldiz bederatzi egun” zain egoteko aholkatu zioten. Eta Nizias jeneralak aholkua aintzakotzat hartzea erabaki zuen.
Hiru aldiz bederatzi egun geroago, sirakusarrek badia guztia inguratu zuten beren itsasontziekin; huraxe zen atenastarren sarbide eta, beraz, irtenbide bakarra. Gauzak horrela, aukera bakarra setioa lehorretik haustea zen, baina saiakera guztiak alferrikakoak izan ziren.
Atenasetik Sirakusara joandako 50.000 soldaduetatik, 7.500 besterik ez ziren bizirik irten. Eta hil artean bortxazko lanak egitera kondenatu zituzten sirakusarrek. Niziasek eta Demostenesek urkamendian bukatu zuten, Delfoseko astrologo ospetsuek bezalaxe. Dakigula, ilargiak ez zuen zigorrik jaso.
Izotz-patinak dira gizakiaren energiaz dabiltzan garraio modurik zaharrena. Horixe diote behintzat Norvegian aurkitutako patinen arrastoek.
Aurkikuntza horiei esker dakigu izotz gaineko patinajea duela 5.000 urte inguru sartu zela Eskandinavian. Ez, noski, kirol eta ikuskizun moduan, eremu hotzetan batetik bestera azkarrago ibiltzeko garraiobide gisa baizik. Froga arkeologikoa animalien hezurrez egindako patina da, eta orain gutxi haren erreplikak egin dituzte (beheko argazkian).
Patin horiek egiteko, antzinako gizakiek behi edo zaldi hezurrak erabili ohi zituzten. Hezurra landu eta bi muturretan zuloak egiten zizkioten. Gero, larruz egindako sokak pasatzen zituzten zuloetatik eta, azkenik, lokarri horiek patinak oinetara lotzeko erabiltzen zituzten.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa