Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-06-08 -- 2140.zenb

Lehendakariaren “ekidistantzia”

Imanol Alvarez

argazkia

Ińigo Azkona

Pribatuan eta publikoan kritikatu izan dut Ibarretxe Lehendakaria; orrialde hauetan beraietan ere bai: estatu ustez akonfesional batean kargua gurutzearen aurrean zin egiteagatik, esaterako. Estimu onean dut halere, iruditzen baitzait saiatzen dela kontsekuente izaten eta agintzen duena betetzen –askotxotan beraren alderdikoek beraiek uzten ez badiote ere– eta hori arraro samarra da, zoritxarrez, gaurko politikaren munduan.

Lehengo astean, adibidez, Lehendakaritzan egon nintzen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 60. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Lehendakariak, besteak beste, oso gauza interesgarri bat esan zuen: giza eskubideak ezin direla banatu. Hau da, ezin dugula tortura salatu, ETA erakundearen ekintzen aurrean mutu geratzen garen bitartean; edota ezin dela, ezta ere, terrorismoaren kontra oihukatu, komunikabideak itxi eta alderdiak legez kanpo uzten diren bitartean.

Behin baino gehiagotan esan ditu antzekoak Ibarretxek eta, horrexegatik, izan da maiz gatazkaren alde batekoek kritikatu eta iraindua, terroristen eta demokraten aurrean ekidistantzia ez omen delako onargarria, alegia.

Nik ere gauza bera pentsatzen dudala aitortu behar dut. Hots, ezin dela ekidistante izan; ezin dela berdin jokatu indarkeria mota guztien aurrean. Izan ere, estatu batek eragindako mota askotako biolentzia (poliziena, ejertzitoena, epaileen erabilera maltzurra…) eta herriaren sektore batek –haien ustez autodefentsan– burutzen duena ez dira maila berekoak. Estatua da eskubide guztiak, bakea bera barne, bermatu beharko lituzkeena; hortaz, askoz larriagoa da bermatzaile izan beharko lukeena urratzaile bihurtzea, edozein herri-taldek egin lezakeen edozein ekintza “biolentoa” baino, etikoki gaitzesgarria izan litekeen arren.
Edonola ere, Lehendakariak ez du inondik inora modu ekidistantean jokatzen. Oso lerrotuta dago alde batera. Bestela ezin da ulertu hainbat omenaldi antolatu izana ETAren biktimen alde (eta oso ondo deritzot egiteari) eta beste aldeko biktimen alde bakar bat ere ez (nahiz eta askoz ugariagoak diren eta ideologikoki eta sentimentalki hurbilago egon beharko lukeen beraiengandik).
Are txarrago, beraren poliziak ere errepresiorik basatiena erabili ohi du alde honetako biktimen kontra.

Lehengo egunean, adibidez, ni barruan nengoela, Etxerat-ekoei, hau da, preso dauden beren senideentzako giza eskubideak berma daitezela eskatu baino egiten ez dutenei, ez zieten sartzen utzi, gonbidatuak izan ziren arren.

Hau al da giza eskubideak ez banatzea, Lehendakari Jauna?


Erantzunak

Nola deitu ahal diozu ETAri "herriaren sektore bat"? Nola esan dezakezu Estatuaren edozein urraketa ETAren hilketa bat baino ("edozein ekintza biolento" diozu zuk) askoz larriagoa dela? Zein etikatan sartzen da hori? Amnesty International-ek erabiltzen duen arrazoiketa bera erabili duzu. Baina AIk diktadura egoera baterako aplikatzen duen arrazoiketa ekarri duzu zuk gurera. Eta, nik dakidala, kontu asko eskatu eta exigitu behar dizkiogu gure Estatuari, baina ez gara inolaz ere diktadura batean bizi, hala uste dut nik, behintzat. Eta, bestalde, ezin dira parekatu edozein estatuk eragindako edozein giza eskubideren urraketa eta beraren aurka aritzen den edozein taldek eragindakoa. Gaurko egunetan honelakorik irakurri behar izatea ere!

Aitor 2008-06-09 08:44:14

Aupa Aitor! Lehen-lehenik esan nahi dut ez dudala batere gustuko ezatabaidetan hastea ezagutzen ez dudan eta ikusi ere ezin dudan inorekin (agian ez naiz ohitu oraindik teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabideetara). Hori dela eta, ez dut inoiz txateatzen, ezta orain horren modan omen dauden foroetan parte hartu ere. Halere, irakule orok merezi duten gutxieneko begiruneagatik, saiatuko nahiz labur erantzuten. 1. Ez dut ulertzen zure haserrea. Agerikoa da ETA herriarengandik sortua izan dela eta badela, gustatu zein ez. Beraz, badago esaterik herriaren sektore badela, txikiagoa edo handiagoa, baina sektore. Gainera, Garzon eta konpainiaren tesiak kontuan hartuko bagenitu, horren herri txikian berrehun mila etakide inguru egongo lirateke, gutxienez. Horri ezin bazio "herriaren sektore" deitu... 2. Bigarren kontua ere argi baino argiago dagoela uste dut. "ekintza biolento" esan beharrean, "delitua" esango dugu, horrela erosoago sentituko zara eta politika gordinetik aldenduko gara, ea hobeto ulertzen den: Zer da larriagoa, delitua herritar xume batek egitea edo delituen kontra borrokatu beharko luketen gobernuak, poliziak edo epaile batek, kasu, egitea? Nire ustez erantzuna argia da, ez du azalpen berezirik behar. Hori baino ez dut esan. Beharbada zuk bestela pentsatzen duzu. Ez dut ulertzen, baina errespetatu behar. 3. Azken komentarioan ("ezin dira parekatu..."), hitz berberak erabiltzen ditugu biok, baina badirudi interpretazio guztiz kontrakoekin. Ezin dizut besterik esan, horixe baino, ezin direla parekatu, askoz larriagoak direlako, kasu gehienetan (horretan bat etor ninteke zurekin, kasuan kasuko ikusi beharko genuke, guztiak berdinak ez direlako) estatuak egindakoak. Mila esker artikulua irakurri eta iruzkina eman izanagatik.

Imanol Alvarez 2008-06-18 07:14:38

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan