Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-06-01 -- 2139.zenb

Jaurlaritzaren bide orria

artikulu nagusira itzuli
Konpromiso eta leialtasunak (Xabier Gurrutxaga)

Joan zen irailean bide-orria aurkeztu zuenean Eusko Legebiltzarrean, Ibarretxe lehendakariari ez zitzaion burutik pasa ere egin sei hilabete beranduago Kongresurako hauteskundeetan Euskadin eman ziren emaitzak eman zitezkeenik. Hau da, hipotesi txarrenean ere ez zuen aurreikusi hirukoa osatzen duten partiduen boto kopurua baino gehiago lor zezakeenik alderdi sozialistak, berak bakarrik. Bide-orriaren diseinuak ez zuen kontuan hartu zein izan zitekeen, hura martxan jartzerakoan, hirukoa osatzen duten alderdi politiko bakoitzaren barne egoera eta osasuna. Beste modu batera esanda, martxoaren 9ko hauteskundeen ondoren hasi izan balitz bide-orriaren inguruko gogoeta Ajuria Enean, ziur naiz gauzak beste modu batera ikusiko ziratekeela eta zenbait erabaki ez zela hartuko zuhurtziaren galbahetik pasa baino lehen.

Lehenik eta behin esan beharra dago Ibarretxeren bide-orriak ezintasun eta zailtasun handiak dituela bere horretan aurrera atera dadin. Eta gainera, ezintasun eta zailtasun horien artean handienak ez dira Zapateroren eskutik datozenak, euskal gizartean bertan sumatzen diren mugetatik datozenak baizik. Egia da Zapateroren ezezkoak ez dizkiola gauzak errazten, baina bide-orriaren zortea kasu horretan ere hobea litzateke baldin eta hura Euskadin lortutako kontsentsuaren fruitua balitz. Izan ere, euskal gatazka politikoak lehenik eta behin zerbait eskatzen badu, hori geure arteko gutxieneko adostasun edo akordio nazional bat da. Gure korapilo politikoa askatu nahi badugu, lehenik geure artean jarri behar gara ados, zeren begi-bistakoa da euskaldunen artean gatazkari buruz eta horren irteerari buruz ikuspuntu bat baino gehiago daudela. Egia da euskal gatazka politikoak baduela baita kanpo dimentsio bat ere, Estatuarekin lotzen gaituena, hitz egin eta negoziatu beharrekoa, dudarik gabe.

Bi dimentsio horiek nabarmenak direnez, estrategia kontua da bietatik nori eman garrantzi nagusia eta lehentasuna. Ibarretxe lehendakariak bi presidenteen arteko balizko akordioari eman dio garrantzia eta lehentasuna, bigarren mailan utziz Euskadi mailako akordioa. Lehendakariak dio emandako hitza bete egingo duela edo bestela “etxera” doala; aditzera emanez ez duela hartutako konpromisoa aldatuko. Konpromisoekiko leialtasun joko horretan sartuz, ona litzateke zenbait datu gogora ekartzea eta aztertzea ia ez ote dituen lehendakariak bide-orri berri honekin aurrekoan jarrita zituen zenbait konpromiso alboratu. Legegintzaldi honetan hartutako lehen konpromisoa hirukoaren gobernu programan hartu zuen eta inbestidurako diskurtsoan berretsi. Orduan hartu zuen konpromisoak ez zuen zerikusi handirik iazko irailean hartutakoarekin.

Lehenbiziko bide-orri haren mami nagusia Euskadin, alderdi politiko guztien arteko elkarrizketaren bidez, Normalizazio Politikorako eta Elkarbizitzarako Akordioa lortzea zen. Hori zen lehentasuna, eta gero, hura lortuz gero, Eusko Legebiltzarrari baimena eskatzea, indarkeriarik gabe eta bazterkeria politikorik gabeko eszenatoki batean, herri kontsulta egiteko, bertan herritarrek berretsi zezaten alderdiek Euskadin lortutako akordio politikoa. Hau da, herri kontsultak helburu eta zentzu argia zuen: lortutako akordioa berrestea. Akordiorik ezean herri kontsultak ez zuen zentzurik konpromiso hartan. Hura zen hartutako konpromisoa eta haiek ziren lehentasun estrategikoak. Begi bistakoa da iazko irailean iragarritako bide-orriak konpromiso haiek sakonki aldatu zituela. Nire iritziz, arrazoirik gabe, eta gainera, larriagoa dena, arrazoirik eman gabe. Hau da, aldaketa hura ezkutatu egin da. Baina gauzak ez dira horrela. Gobernu konpromiso hura aldatuz, lehendakariak estrategiaz aldatu zuen goitik behera. Lehen proposamenean protagonismoa euskal alderdien eta euskal instituzioen esku uzten bazen, bigarrengoan, ulertezina bada ere, Zapateroren esku gelditzen zen elkarrizketa politikoaren giltza, gero denborak ongi aski erakutsi digun bezala. Aldaketa estrategiko hori hanka-sartze politiko larria da, abertzaletasunaren indar politiko eta soziala ahuldu besterik ez du egiten eta okerragoa dena, irteerarik gabeko bidezidorrera garamatza.

Izan ere, bistara ditugun datu guztiek erakusten diguten bezala, Ibarretxek Espainiako presidentearekin lortu nahi zuen akordiorik ez da gauzatuko, eta laster batean begi bistara jarriko zaizkigun datu berriek erakutsiko diguten antzera, aurrez pentsatutako herri-kontsulta ere ez da bere horretan egingo. Beraz, hemendik aurrera kontu nagusia, benetan denei gehien inporta zaiena hurrengo hauteskunde autonomikoen kontua izango da. Horietara modurik egokienean iristea da guztiei gehien axola zaiena. Joko horretan ari dira gustura sozialistak, batez ere lehendakariak aitzakia eman zienetik. Joko horretan sartu beharko dute ezinbestean jeltzaleek, hartu behar dituzten erabakiak hartu eta gero. Eta erabaki multzo horretan erabaki beharko dute nola atera lehendakaria eta bere bide-orria sartuta dauden zulotik. Erabaki beharko dute zer egin berriro ere gobernu programan eta inbestidurako saioan hartutako konpromisoak alderdiaren betebehar nagusi bihur daitezen. Hau da, nola berreskuratu konpromiso haiekiko leialtasuna.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan