2008-06-01 -- 2139.zenb
Ez zeukan erraz Ibarretxe lehendakariak aspaldian agindu zuen galdeketarekin. Bere alderdiak ez zekien oso ongi zer egin, batetik; Espainiako Legebiltzarrerako azken hauteskundeetako emaitza kaxkarrek noraezean erorarazi eta beldurturik utzi dute EAJ: bere barneko sektore ezberdinen artean liskarrak itxi gabe daudela erakutsi da, egun hauetan, eta diseinu bat baino gehiago zeudela, galdeketaren alde zuzen-zuzenean egin dutenekin hasi eta, inongo lotsarik gabe, PSE-EErekin Gobernu-akordio bat gauzatzea proposatu dutenekin buka; izan ere, EAEko botere esparruak gal zitzaketela pentsatze hutsak oso urduri jarri baititu, batez ere, Bizkaiko aparatuko pragmatistak. Jose Luis Bilbaok egin zuen proposamen paktistak –berriro ere, Imazekin bezala, Urkullu bigarren lerrotik aritu da–, ordea, izugarrizko arriskua sortzen zuen: aldez aurretik indartzen zuen PSEren estrategia, aldez aurretik adierazten zuen PSE ikusten zela garaile eta, hori, botere autonomikoa erabakitzeko hauteskunde-borroka baten inguruabarrean, osooso gaizki hastea zatekeen. Jose Luis Bilbaok hankasartze izugarria egin zuela edonork aitortuko du, bere alderdian bertan egin den bezalaxe.
Baina, lehen urduritasunak lasaituz joan dira eta EAJ botereari eusteko estrategiari lotu zaio buru-belarri. Badaki zer egin behar duen berriro ere PSEri botoetan gailentzeko: beti egin duena egingo du, euskal hauteslegoa polarizatu eta Madrilekin aurkaritza areagotu, jakin baitaki, estrategia horrekin Madrilen morroi agertzen dela beti PSE.
Aurrekaririk badago, egon ere. Duela urte batzuk, 1994an hain zuzen, PSEk, orain bezala, hauteskunde estataletan susperraldi handia izan zuen eta euskal nazionalismoak emaitza txarrak lortu –klabeak ere errepikatu egin ziren: bipolarizazioa, buruz-buruko lehen telebista-eztabaidak, eta abstentzio estatalistaren aktibazioa– eta emai- tza haien proiekzio matematikoa –politikan okerra den proiekzioa– eginez, Ramón Jaúregui Lehendakaritzarako hautagai izendatu zuten –esan dezagun, bidenabar, Patxi López ez dela, inondik ere, Jaúregui–. Oso kanpaina irudimentsua egin zuten sozialistek: postnazionalismoa aireratu zuten, lehenik, ahidura munduan, eta, gero, vasquismoa.
EAJk ezin hobeki jakin zuen aurrekanpaina sendo hari aurre egiten, ordea: konfrontamendugiroa aprobetxatu zuten beren agenda inposatzeko; transferentziak, Europaren konfigurazioa, Senatuaren izaera, autonomismoaren gailenpena eta ETArekiko negoziazio politikoa izan ziren gai distiratsuak kanpaina hartan. Emaitzak ere izango dituzte gogoan jelkideek: EAJk 70.000 boto irabazi zituen eta PSEk, hauteskundeak ezin irabazirik, modu oso esanguratsuan, vasquismoa baztertu eta Nicolás Redondoren tesiak onartu zituen.
Izan ere, konfrontazio klase horrek emaitza onak eman dizkio beti EAJri: polarizatu egiten ditu euskal hautesleak, aktibatu egiten du abstentzio abertzalea, botu pragmatikoa erakartzen du –ezker abertzaleari eta EAri joan ahal zaiona–. Eta horretan ari dira, orain ere. Lehenbizikoz, Zapateroren mezuaren perbertsioa salatu dute eta, beraien aurkaria Madrilen izendatuz, Lópezen lidergo-ahalmena ahuldu. Behin eta berriro eskatu diote elkarrizketa bat Zapaterori, erakutsirik, beraiek direla Zapaterok ez daukan talantearen jabe; eta kontua ez da arrastaka bezala agertzea, limosnatxo bat eskatuz bezala, kontua agertzea da, tenpus politiko berriaren kudeatzaile eta protagonista agertzea.
Zapaterok, azkenik, elkarrizketa onartu dienean, Loiolako oinarriak eramango dituztela adierazi dute aldez aurretik hedabideetan, jendeak jakin dezan zertan ari diren, PSOEk aldez aurretik erantzun dezan, eman dezan jeltzaleei hain errentagarria zaien ezezko biribila –aurreko espainiar Legebiltzarreko ezezko hura sinbolikoki ere agertuko da euskal oroimen sinbolikoan–; eta, bide batez, ezker abertzaleari ere egiten zaio keinu bat, ezker abertzaleko botoemaile batzuei esan nahi da, hain zuzen, botere autonomikoa kinka larrian egon denean, beti arrakasta EAJri eskaini dion sektore –agian abstentzionista– horri, zehazki. Eta, Ibarretxe Planarekin, berdin: PSOEk nolabaiteko onarpena eskaintzen badie, hori dute irabazita, beren agenda politikoa inposatuko du EAJk berriro; eta, ez badie onartzen, konfrontazioa kudeatuko dute eta, handik berehala, hauteskundeak, ongi girotuta, protagonismoa irabazita, zuntz nazionalista astinduta eta konfrontazioaren alde legitimoan jarrita. Hauteskunde kanpaina oso ongi diseinatuta daukate. Handik gora, handik behera, kolapsoa. Eta, bien bitartean, nire lagun batek esaten duenez, proiektuak eta proposamenak erre.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa