2008-06-01 -- 2139.zenb
George Lakoffek idatziriko Don't think of elephant! izenburua duen liburua omen azkenengo hilabetetan Ferraz eta Moncloan irakurriena. Hala esan zidan duela aste batzuk Madrilgo lagun batek. USAn best seller bilakatu zen lantxo hori 2007an Foro Complutensek argitaratu zuen gazteleraz ( No pienses en un elefante) eta egun agintean direnak, ahalik eta zuku gehien atera nahian dabiltza.
Lakoff linguista ezagunak hamaika lan eta ikerketa burutu dituela irakur daiteke berari buruzko informazioa bilatzen hasita; hala ere, publiko zabalarentzat liburuxka honek egin du ezagun, eta bertan ageri den ideia nagusia oso sinplea omen, adituen esanetan: Pertsonen jokaera (zehazki, politikan botoa emateko orduan) ez dator azterketa sakon baten ondorioz, lehendik gure burmuinetan errotuta leudekeen “frame” (marko edo eremua) antolatuan oinarrituta baino. Marko eta metaforaz osatu eta uztarturiko nagusi den egitura horietara helarazi nahi den mezua (ideia) egokitu ezean, sartu bezain fite doa kanpora; “arrotzak” ez du inolako aukerarik eremu horietan gelditu eta ernaltzeko. Horregatik ere, hitzak transmitituko duen ideia, aldez aurretik egituratutako markoaren araberakoa izango da bertan ahokatu ahal izateko. Azken finean, ditxosozko “frame” hori ez da mundua eta politika ikusteko modua osatzen duen buru-egitura baino, gizaki gehienak horren jakitun ez bagara ere, eta “komunikazioaren zibilizazio” honetan politikan arrakasta lortu nahi duenak (atarramentua botoemaile kopurua gehitzeaz eta aginteari eusteaz lotzen denean) badaki.
Esan gabe doa, Lakoffen gogoeta USAko demokratek ikur bihurtu dutela: Errepublikar partiduko (*) estrategak kolektibo den inkonsziente horretan lortu zuten eraginaren aurrean, klabe batzuk ematen baitzien, bestela ezin omen zuten ulertu nola hainbat zentzuzko baieztapen pikutara joaten ziren: besteak beste, egiak libre egingo zaituzte esatea ez zetorrela bat jendeak lasai asko irensten zituen gezurrez oharturik, edo eta pobreek nola ematen zieten botoa zuten apurra kenduko zion eskumari. Eta Lakoffek argitaratuko gogoeten haritik, ongi muntatu eta emoziozko eta moralarekin loturiko hizkuntzan, mezuak behin eta berriz errepikatzeak nolako eragina zuten jendearengan frogatu omen zuten: Heldu nahi duzun kolektibo horren “markoan” dagoen egitura nagusiaz jabetu; nahi duzun eragina zehatz definitu, eta hala, hitza edo mezu oso laburra (itxuraz, eta azalean azterketarik behar ez duena) hedabideen zirkuituan sartu, eta behin eta berriz errepikatuz lortuko omen duzu jendearengandik nahi duzun erantzuna. Hori bai, edonola ere, ez pentsa transmititu nahi ez duzunaz, eta gogoko ez duzun ideia bideratzeko, egitura eta pentsamolde hori aktibatuko lukeen hitza ez erabili.
Horren “praktika” ote errepikapenok? “Ibarretxe pelma” bat da; Ibarretxeren plana ez zaio inori interesatzen; jendeak beste buru-hauste batzuk ditu; Ibarretxeren asmoek euskal gizartea sakabanatzen dute; Ibarretxek dioena legearen kontra doa; Ibarretxe konstituziotik kanpo dago; noraezean dabil…. Aldiz, “guk” (kasu honetan PSOEk) errespetua eskaintzen dugu; demokrazia; herria urtez urte boto-kutxatan espresatzen da; ez da egia Euskal Herriak ez zuela konstituzioa onartu, “marko” horretan eroso sentitzen dela erakutsi du… eta abar. Eta azken legegintzaldi honetan behin eta berriz errepikatzen den hitz “berri”ari erreparatu: “aventura” (soberanista hitza gehituz ala ez) Seguridadea eta egonkortasuna balore nagusitzat barneratu diren honetan, hitz horrekin lortu nahi dena maltzurra dirudi: Terrorismo hitzak izua aktibatzen du; abenturak segurtasun eza, eta inseguridadeak, beldurra.
Maiatzaren 8an, logika eta zentzunari buruz mintzatzen zen Ibarretxe, eta esandakoarekin ados izan ala ez, neuronak beste modu batez (ez markoen mugaz) aktibatu nahi duenarentzat duintasunez beteriko ariketa iruditu zitzaidan, baina alperrik, oraingoan “Ibarretxe elektoralismo hutsez ari da”. Nola? Ez doa, bada, abertzaletasuna, gain-behera? Ez dio, bada, PSOEk alde izugarria atera azken hauteskundeetan? Boto-emaileak murriztu egingo ditu halako proposamen batek, ezta? Baina berdin dio.
“Frame”ekin jarraituz, hemen bada honela egituraturik: herri bat garela, eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula. Hori zioen ere 1977an PSOEkide ezagunek zeramaten pankartak: “autodeterminazioa”.
Baina berriz ere George Lakoffengana bueltaturik, hauxe irakurri nuen: Haserre omen dela demokratekin, ezin baita guztia hitz eta hizkuntz manipulaziora mugatu. Benetan askatasunaren bidean mundua aldatu nahi bada, ideiak direla garrantzizko; komunikazioaren gizartera modua egokitu beharrak ez duela ekarri behar baloreen transmisioa alboratzea, lan eskerga izanik ere. Eta hau gehitzen du: Azken batean bere teoriaz baliatu direla, ez jendearen jarrerak aldatzeko, botoa eta agintea lortzeko baino, eta bide horretan, demokraten hamaika balore eta ideia aldatu dituztela, agintea lortze aldera; baloreak berretsi beharrean kontserbadoreen diskurtsoari antzerako ekintza eta ekimenak aurre-jartzen dizkiela.
Ez dirudi Ibarretxek lehendik “kontra” eratutako “markotan” sartzea lortu duenik, baina niretzat balorea den duintasunari eutsiz, ideiarekin konsekuente izaten ahalegindu da, horrek agintea galtzea badakarkio ere, eta goian aipaturikoarekin, beste hau entzun dut: “Ezer baino lehen, hemen lortu behar omen du Ibarretxek gehiengoa” (egiak libre egiten gaitu?) 2005eko danbatekoa izan ez balitz eta gehiengoa hala ez delakoan “gu” (PSE, kasu honetan) barruan ez bagaude.
Espainiaren batasun sakratua “frame” potentea izan, eskuma zein (ustez) ezkerrekoen burmuinetan erabat erroturikoa; aldatzea gura (komeni?) nahi ez dena.
(*) USAn Alderdi Errepublikarrari Elefantea esaten zaio
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa