2008-06-01 -- 2139.zenb
Lizarra Garaziko hitzarmen deitu hura ia tatxarik gabeko prozedura zen. Edozeinek du zilegi gehiengo demokratiko baten osatzea eta gehiengo horrekin gobernatzea dagokion hura, abertzaleek barne. Ez ordea gobernu ahalmenak eta jarduerak sinesmen eta sineskeria bilakaraztea, honetarako zilegitasunik ez du inork inoiz.
Ia tatxarik gabeko hura kamuts geratu zen gizartera hedatu eta bertan sustraiak botatzeko garaian. Kontrarioak franko eta indartsuak agertu zitzaizkion eta euskal nazionalistak ez zeuden, borroka armatuari egindakoez gain, kritikak onartzeko eta entzuteko. Bakean, armarik eta bonba leherketarik gabe, zero akatseko alternatiba ziren eta beren ameskeria guztiak, zirela zirenaren bizkar, gauzatzeko prest zeuden. Ez abertzaleok, euskal nazionalista ez garenok esan nahi da, ez genuen bazterkeria politiko handiagorik bizi ia inoiz, diktaduran salbu. Edozeinek esaten zuen ez zegoela ados edo ez zela euretakoa! Kostata, eta kalte handiak eraginda, egin zuen porrot. Euren artean ardura nagusia nork izan zuen eztabaidatzen denbora ugari igaro dute geroztik nazionalistek baina auziak oraindik auzi jarraitzen du.
Ikasgaiak ikasia zirudien eta biolentziarik ezean bakarrik adostu zezakeela euskal gizarteak, euskal ez abertzaleek barne oraingoan, aldarrikatu zen, esanaz bezala, alegia, ordura arteko porrota ETAren gaiztakeriagatik zela. Garbi zirudien ez biolentzia eragileekin eta ez hauei aurre egin nahi ez zien agente politikoekin ez zegoela aurrerabide eta aukera politikorik. Lehendabiziko asesinatoetan bestelakorik ikusi zen arte. Ibarretxek ez zekien beste diskurtso eta politikarik egiten. Ez abertzaleak Euskal Herriaren eta euskaltasun mota ororen kontrako ikusten ditu eta beraiekin ez du egin nahi ez eta biziraupenerako gutxienekoa izan daitekeen traturik ere. Orain zazpi mila eta bostehun urteko euskalduna, abertzalea edo ez abertzalea, aberkideago sentitzen du Laudioko bere portalean bizi den botoemaile popularra edo sozialista baino. Zer esanik ez Potosin aurki daitekeen hemeretzigarren potositar belaunaldiko edozein Patxikorena edo Joanikotegi ere aberkideago dituela.
Ezker abertzaleak trufaz eman zizkion hiru lau iskanbilarako botorekin, halako esperpentoari akordioa deituz Espainiako Gorteetara joan zen Madrilera eta han lortu zuen bere helburu nagusia, Madril deitzen dioten horren ezetza. Frogatuta zegoen azkenean zer ziren Espainia eta espainiarrak. Ikusten? Ezetz esan digute. Ezetz axal axaleko autonomia proiektu honi! Ezetz elkarbizitzari. “Euskadira itzultzen naizenean boto uholde bat eragingo dut”. Pare bat hilabeteko hauteskunde aurrerapena eragin zuten ibarretxetarrek euskal gizarteak bere haserrea adieraz zezan eta tamainako irainak erantzun politiko aparteko bat izan zen. Uholdeak bi diputatu kendu zizkion erabaki hari akordio deitu zion gehiengo gobernutarrari eta han hasi zen nazionalismoaren hauteskunde gainbehera progresiboa, oraingoz aurtengo martxoko hauteskundetaraino, ez harantzago, iritsi dena.
Kosta egiten zaio nazionalismori, bai eta besteoi ere, baina nazionalismoari gehien, hauteskunde galerak onartzea eta aipatu hauteskunde dei horretatik denak irabazi dituen zalantza izpi publikorik ez du adierazi. Hala ere denok dakigu hauteskunde aldia joan, hauteskunde aldia etorri, bototan behera egin duela. Beti aurkitu du aitzakiaren bat galera hori esplikatzeko eta aitzakia, eskuarki, beti bestea izaten da eta ez bere merezimenduz. Merezimendurik gabe irabazten dute besteek eta esplikaziorik gabe galtzen dute eurek.
Bake prozesua, edo delakoa, etorri eta abian jarri zen eta EAJ-PNV eta Eusko Jaurlaritzaren bi rol publikoak bistaratu genituen. Alderdiak txeke zuria luzatu zion Zapaterori eta bere gobernuari, gobernuak, protagonismo galtze patetiko batean murgildurik, nora eza histeriko baten gala egiten zuen bitartean. Kontua zen inork baino altuago buila ateratzea, saltsa hartan bera ere nahastuta zegoela eta paper printzipala jokatzen zuela adierazi nahian. Ibarretxeri Azkarragak eta Madrazok, Egibar eta Karrera izar zituztela, egin zioten koruak ez zeukan parekorik. Goitik eta behetik esan zioten euskal gizarteari bakea, izatez bakea, ona zela baina ez zela lorik hartu behar, ez zela narkotiko bat eta euskal gizartea zoriontsuegi, irribarretsuegi, ikusten zutela bake hurbil horren aurrean, gauzak horrela zer izango ote zen gero benetako bakea, berbena bat? Zer arraio egin beharko zen orduan gatazka deitu horrekin.
Ezker abertzalea ikusi zen politikagintzan, hegemoniak ikusi ziren auzitan, formula politiko berriak ez hain urrutiko perspektiban. Urduritasunak gain hartu zien gure autonomia erkidegoko agintariei eta ETAri hezurretarainoko beldurra sartu zitzaion, akabo honena! Gizartea bere erabakien jabe egitera zetorren, pistola eta lehergailurik gabe.
Egindako eta egin gabeko bidea, bide orri egokiago da bai, bide baino. Azken zatian gaude, zati malkartsu eta zailean, konplikatuan, karrera guztiz apurtu eta aletzen den zati horretan. Herri honetako oraindainoko liderra, lider berezko eta bakarra zirudien PNVren bi ikusmolde elkar zaintzen, guztiongandik tira beharrean. Sozialisten beldur, hauek hauteskundeak irabazita balituzte bezala ari direla salatuz eta duela hilabete pare bat izan direnak izan ez balira bezala. Ibarretxek bota du bere azken bigarren hordagoa, Loiolako bileretan egondako mutiko salatariarena eginaz: ETArekin hitz egin zutenek ez dute nirekin hitz egin nahi.
Punta motza du azken bide orri honek eta berarekin batera Ibarretxek, gauza bat ahazten baitu bizi dugun demokrazia arautu honetan. Besteek, beste guztiek, nahi dutenek, euskaldunak eta ez euskaldunak zilegitasun demokratiko osoa dutela ezetz, ezetz, eta ezetz esateko. Gainera horrela egiten dutenek gure herria hau, Euskal Herria, errespetatu egiten dute, ezetz diotenen iritzi demagogiko guztien gainetik, eta hauteskundetara ezetz, ezetz eta ezetz esanaz aurkeztu zirela. Beraz planteatzen zaiguna desadostasuna areagotzeko proposamena da adostasuna lantzeko baino, alegia, Ibarretxe jaunaren enegarren hauteskunde programa errakitiko bat gehiago, ezetza jasotzen duenean bere alderdia erdibituko duena, berriro arrakasta izango duela esango duena, en fin...
Bien bitartean ezker abertzalea berriro tiro hotsak izututa posizio akritikoetara erretiratu da politikagintzatik. Ez dakit udazken aldera zein jelkideen aldeko izango den, kontsultaren aldeko edo PNVk esaten duenaren aldeko.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa