2008-06-01 -- 2139.zenb
Euskal Herrian 25.000 langilek baino gehiagok arnastu dute amiantoa lanpostuan, azken 30 urteetan. Aurreikuspena da hirutik bat behar baino lehenago hilko dela; 10.000 lagun inguru, guztira. Gaixoak eta senideak Espainiar Gobernuari konpentsazio edo kalte-ordain ekonomikoetarako funtsa sortzeko eskatzen ari dira.
Medikuntza aurreikuspenik baikorrenek erakusten dute amiantoarekin lan egin duten Europako 500.000 langile hilko direla hurrengo hogei urteetan, azkenean lortu baitute erakustea mineral horrek hil egiten duela. Europako kopuru orokor horretatik, 10.000 euskal langile inguru hilko omen dira hurrengo urteetan. Beste 100.000 frantziarrak dira, eta beste 60.000, espainiarrak. 1989 eta 1998 bitartean, guztira, 1.647 pertsona hil ziren Espainiar Estatuan mesoteliomagatik –pleurako minbizia–, amiantoarekin ibilita hartzen den gaixotasunagatik. Euskal Herrian, amiantoagatik azken hildakoaren berria iazkoa da. Javier de Castro izan zen, Euskadiko CCOO sindikatuaren buruzagia, bizitzan zehar AHVn amiantoarekin ibilitakoa. Iaz, urte amaieran, ESK-k ezagutarazitako epaiak onartu zuen Eugenio Jiménez de la Rubia lan bizitzan amiantoarekin ibiltzeagatik hartutako minbiziaren ondorioz hil zela.
Ikusten denez, kopuru horiek orain arte nahiko ezkutatuta egon den arazoaren larritasuna erakusten dute. Azken aldian arazoa agerian da CCOO sindikatuak egin duen lan irmoarengatik. Zorionez, gainera, euskal sindikatuek jarraitu egin diete ardura eta zeregin horretan. Aldizkari honek lan istripuen gorabeherak hurbiletik jarraitzen ditu, eta orain dela bi urte egin zuen arazo horren gaineko artikulua.
Amianto hiltzaile horren biktimek, hau da, gaixoek eta senideek, berriro ekin diote lan gaixotasuna dela aitor diezaieten eta Gobernuak konpentsazio eta kalte-ordain ekonomikoen funtsa sor dezan. Gaixoetako askok, argi dago, ez dakite norengana jo; beren lantegiak desagertu ziren; Mutualitateek ez dute gaixotasun hori lan gaixotasun gisa aitortzen eta epaitegien bidea, garestiaz gainera, ia-ia ezinezkoa da. Besterik ezean, Gizarte Segurantza gutxika-gutxika aitortuz doa gaixotasun hori lan gaixotasuntzat –EAEn, berrogeita hamar kasu inguru aitortu ditu dagoeneko–.
Beste ezer baino lehen esan behar da amiantoa edo asbestoa zer den, zein industria sektoretan erabiltzen den eta zer ondorio dituen. Amiantoa minerala da; itsasontziak eta trenen eta autoen materialak egin eta konpontzeko, siderurgian zuntz zementua egiteko eta ubideak eta gasbideak mantentzeko erabiltzen da. Amiantoa tenperatura oso altuak edo frikzio handia jasan behar zuten piezak egin edo biltzeko baliatzen zen. Mineral horren zuntzekin luzaro harremana izanez gero, atzeraezineko ondorioak uzten ditu arnas sisteman, eta besteak beste, honako ondorio hauek ditu: biriketako minbizia, mesotelioma –pleurako minbizia–, asbestosia eta pleurako plakak.
EAEn bakarrik, 25.000 langile inguruk arnastu dute amiantoa azken hogeita hamar urteetan. Material hori 200 lantegi baino gehiagotan erabili izan da Euskal Herrian (174 EAEn); 1.760 lantegitan, Espainiar Estatuan, eta askoz gehiagotan Frantziar Estatuan. Amiantoarekin lan egin duten langileen kalte fisikoak mineral hiltzailearekin harremana izan eta urte askotara igartzen direnez, orain agertzen hasi den egoera hurrengo urteetan eta hamarkadetan guztiz larrituko da, oraingoz arazoaren ertz bat baino ez baita. Azken aldian, askoz gaixo gehiago agertzen ari dira.
Gaixoek eta haien senideek, baita haien alde egin nahi duten sindikatuek ere, arazo larria dute. “Mutualitateek ez dute aitortu nahi kasu horiek lan gaixotasunak direla, eta dagozkien lantegiek ez dituzte kalte-ordainak eta prestazioen errekarguak ordaindu nahi”, salatu zuen Jesus Uzkudunek, CCOO sindikatuko Lan Osasunaren arduradunak.
Adibidez, joan den urtarrilean, sindikatu horrek salatu zuen Fremap Mutualitateak errekurritu egin zuela Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (INSS) erabaki bat. Institutu horrek emakume langile bati ezintasun absolutua onartu zion lan gaixotasunagatik, pleurako minbiziarekin hil eta bi hilabete geroago, jatorria, zalantzarik gabe, amiantoarekin ibili izana zelako. Langile horrek, 1966 eta 1972 bitartean, Zamudioko lantegi kimiko batean jardun zuen lanean, eta han amiantoa erabiltzen zuten prentsetako beroaren isolatzaile. Mutualitateak familiari baldintza jarri zion erakustea duela 35 urte amiantoarekin zebilela, urte haietan amiantoa zerabilten lantegi askok inoiz ez baitzuten halakorik adierazi ezta izenik eman ere Amiantoaren Arriskudun Enpresen Erregistroan.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa