Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-06-01 -- 2139.zenb

Gorka Moreno Márquez

Gorka Moreno Marquez

Gaurko honetan, eta izenburuak engainurako beta ematen badu ere, ez dut ezkontzen inguruko azterketa soziologikorik egingo, barrutik –hobe esanda poltsiko barrutik– egindako gogoeta mingarria baizik. Aurten demagun bi tokatu zaizkigula: goxo-goxoa –petit suisseak edota donutsak bezala– baino mikatza izaten da hauen zaporea. Aurten bi ezkontzetara gonbidatu gaituzte eta zoritxarrez –bai zoritxarrez– hurrengo urterako perspektibak ez dira hobeak.

Zenbat balio du gonbidatu batentzat ezkontza batek? Lehenik eta behin azkenaldi honetan hain modan jarritako despedidak: asteburu pasa nonbaitera, tartean zezenketen bataioa edota Irakeko soldaduak imitatu beharra, hauei noski gainontzeko osagarri etilikoak eta abar gehituz. Ez bagara Tenerife edo Río de Janeirora joaten, dena erraz samarra: 300 eurotan –akaso 600 bikotearentzat ere–. Bigarrenik, ezkontzarako arropak erosi beharra. Mutilek gehiago disimulatu dezakegu arropa berak berriz ere eramanez, baina nesken kasuan –are gehiago koadrila bereko ezkontzak badira– estreinatzea behar-beharrezkoa izaten da.

Gutxi-gutxienez, demagun, bikoteak 300 euro gastatu behar duela. Gero, ezkontza-menua ordaindu behar, Adriá edo Arzakera joan gabe, 300 euro bikote bakoitzeko, eta pentsatzekoa denez, egun horretan zenbait gastu gehiago egongo da. Jarri dezagun 100 euro. Kopuru guztiak batuta, eta nahiko ikuspegi agarrategi batekin, denera bikotearentzat 1.300 euro ezkontza batengatik.

Ez naiz orain hasiko gazteon soldatei edota mileurismoari buruz hitz egiten, baina argi dago zer suposatu dezakeen ezkontza batek hipoteken garai hauetan. Urte berean ezkontza bat edo bi izateak oporrik gabe gelditzea dakar aukerarik onenean eta txarrenean arazo are larriagoak sortzea. Hori edo gonbiteari ezetza esateko, aitzakia bilatu behar duzu edo guztien aurrean zure egoera ekonomikoa zein den azaldu behar duzu. Ez bata ez bestea ez dira aukera batere erakargarriak. Ez dakit nik ezkontzen maldizioei buruz hitz egin dezakegun, baina askotan aspaldiko lagun batek gelditzeko deitzen dizunean, niri behintzat, beldur ikaragarria sortzen zait, beste ezkontza batera joateko behartuta izango naizen pentsatuz.

Bukatzeko eta aldizkari honek ematen dizkidan lerro hauek aprobetxatuz, berri on bat nire inguruko lagun eta senide guztientzat: nire ezkontza ez da ohikoa izango. Eta ingurukoei ere erregu bat: argi izan egun modan dauden ezkontza erraldoiez gain beste bizitza bat badagoela, beste ezkontza batzuk posible dira, kontutan hartu ezazue, mesedez.

Eneko Olasagasti

Eneko Olasagasti

Garai batean sorkuntzatik kudeaketara salto egin genuenok prezio latza ordaintzen ari gara. Ez gu bakarrik noski. Sasoi hartan hitzetik hortzera zebilen proiektu hitza. Gaur berriz egitasmo. Eta hura baino, haren falta zen denon kezka gure kulturaren garapenari begiratzen genionean. Batez ere, gure ardura nagusiak sorkuntza izaten segitu duelako. Edo hala nahi izan dugu behintzat.

Garai haiek pasa dira ordea. Azken urtetatik hona gauzak aldatu egin dira. Gaur egun dena da estrategikoa, estrukturala, berrikuntzari lotua. Dena da plana, mahai sektoriala, behatokia, merkatuko kokapena. Hainbeste hitz eta mahai gauza bera izendatzeko. Segitzen dugu zerbaiten faltan eta inork ez dakigu zer den eta non dagoen. Inon baldin badago. Hori bai, bilaketarako metodologia ezin bikainagoak erabiltzen ditugu. Atzo DAFO zen gaur ez dakit nork asmatu zituen Sonbreroak dira. Nola bilatu aztertzen ematen dugu denbora baina zer bilatzen dugun ez dakigu oraindik. Eta bakoitzak badakiela uste du, baina denon artean ez gara ados jartzen. Eta horretarako arlo bakoitza osatzen dugunon parte-hartzea ezinbesteko baino derrigorrezko bilakatu zaigu han eta hemen. Ezin duzue imajinatu, edo bai, ikus-entzunezkoen arloa, esaterako, suspertzeko zenbat eta zenbat ekimen diferente dagoen. Zentzu horretan Tabakalerakoa salbuespena da, portu onera iristen bada. Gaur mahai sektoriala dela, bihar elkartearen bilera, etzi Tabakalera, etzi damu inkesta pare bat enpresan, lege berri bat, iritzia honetaz eta hartaz, laburmetrai lehiaketa, babesa, aholkularitza, sustapena, berrikuntza, merkatuak, merkatu potentzialen garapenerako aukeren azterketak eta batek daki zenbat horrelako. Eta dena oso hotza. Hotzegia aukeran.

Eta denen gainetik, horietako bilera askotatik bueltan bueltaka zalantza bera. Edo sinesmen bera. Gaur egun gauzak, ia-ia, lehen bezala egiten direla, bakar batzuen lana eta borondateari esker. Hori erakutsi dit behintzat eskarmentuak eta hainbat lanetan topatu dudan jendeak. Koordinaziotik, herri honetan, oraindik oso urruti gabiltzala, alegia. Eta bila aritzen garen horietan, batzuetan, bideak eta estrukturak eta metodologiak baztertu gabe, bihotzaren bidearen bila –edo bidean bihotzaren bila ari garenean– ahalegina maizago egin beharko genukeela uste dut.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan