2008-05-25 -- 2138.zenb
Hilabete honetan egingo den LABen VII. Biltzarraren ondoren Ainhoa Etxaidek hartuko du sindikatu abertzalearen zuzendaritza, Rafa Diezen ordez. Lehen aldiz emakume bat izango da sindikatu bateko buru, bai Euskal Herrian baita Espainiako eta Frantziako Estatuan ere.
Maiatzaren 22 eta 23an egingo du LABek VII. Biltzarra, BECen (Barakaldon). Egun horretatik aurrera Ainhoa Etxaidek ordezkatuko du Rafa Diez sindikatu abertzaleko Idazkaritza Nagusian. Horrez gain, Nazio Komiteko eta Komite Exekutiboko kideak ere aldatuko dituzte eta bi sektore berri –Soziokomunitarioa eta Osasungintza– eta hiru federazio –Zerbitzu publikoak, Zerbitzu pribatuak eta Industria– sortuko dira. Rafa Diezek, 1980ko II. Biltzarretik sindikatuaren zuzendaritzan aritu eta gero, eta 1992an Leioan egindako III. Biltzarraz geroztik koordinatzaile nagusi edo idazkari nagusi izan ondoren, utzi egingo du sindikatuko buruzagitza. Baina sindikatuan jarraituko du, gobernatze egituretatik kanpo bada ere. Ez da, ordea, kargua utziko duen bakarra izango, beste arduradun historiko batzuek ere zuzendaritza utziko baitute.
Horrenbestez, belaunaldi aldaketa gertatuko da, baina arduradunen esanetan aurrekoen jarraipena izango da; izan ere, sindikatu abertzalearen ezaugarri izan den jarduera soziopolitikoari eta ekonomikoari eutsiko diote. LABek gero eta afiliatu eta ordezkari gehiago ditu, eta bera da Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ordezkaritza duen sindikatu bakarra.
Biltzarrean onartuko den txostenaren arabera, sindikatu soziopolitiko eta klase sindikatu gisa dituen ezaugarriei eutsiko die LABek. Jarduera programatzerakoan, kontuan hartzen dute gaur egungo marko juridiko-politikoa, hura gainditzea helburu dutela, betiere. Marko horretan, hain zuzen, herria lau administraziotan banatuta dago –Espainiar Estatuko administrazioa, EAEkoa, Nafarroakoa eta Iparraldekoa– eta LABen ustez, egoera hori aldatu beharra dago. Hori dela eta, lurralde historiko bakoitzaren egoera politikoa aztertzen du txostenean eta, besteak beste, Euskal Herriak etorkizuna aukeratzeko duen eskubidea barne hartzen du.
Proiektu politiko guztiak baldintza beretan garatu ahal izatea bermatuko duen marko demokratikoaren aldeko apustua egiten du LAB sindikatuak. Adierazpen honetan agerian utzi du bere jarrera: “LABek beste Euskal Herri bat eraikitzeko proiektua defendatzen duenean, beti du buruan independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen dituen proiektua: Euskal Estatu Sozialista”. Beraz, sindikatuak langile klasearen aldeko apustua egiten du proiektuan.
Txostenak dio nazio askapenean aurrera egin dela, gaur egungo marko juridikoa krisi egoerara eraman dela, eta, azkenik, Euskal Herria ohartzen dela bere etorkizunaren jabe izateko eskubidea duela. “Ezin gauza bera esan, ordea, eredu ekonomiko eta sozialari dagokionez –dio txostenak–. Ezin dugu esan gaur egungo eredu ekonomiko eta soziala ahul dagoenik”. Horren erruduntzat gaur egungo erakundeak jotzen ditu; “Bruselako, Madrilgo eta Parisko politika ekonomiko, laboral eta sozialetan oinarrituta egin dute Euskal Herrian kapitalaren interesen alde eta eginkizun hori ezin hobeto betetzen dute”.
Txostenak dioenaren arabera, neoliberalismoak gero eta indar handiagoa du, eta kalte handia egiten dio klase borrokari; hala, “oso zaila zaigu erakunde politikoetan eragina izango duen erantzun bat sorraraztea”. Sindikatu abertzalearen aburuz, “euskal gobernu eta administrazio autonomikoak neoliberalismoan oinarritzen dira, eta merkatuaren mendean dauden politika publikoak sustatzen dituzte”. Horregatik, hazkunde ekonomiko handia gertatu bada ere, ez da aberastasuna behar bezala banatzen. Gizarte eredu prekarioa eta interes ekonomiko jakin batzuen baitan dagoen marko instituzionala ari dira sortzen.
Txostenean, onartzen da LABek zailtasunak izan dituela azken lau urteotan ekintza sindikal oldarkorra aurrera eramateko. “Atzerantz goaz –diote– kapitalaren eta lanaren arteko borrokan: batetik, estrategia eta pentsaera neoliberalak langile klasea astindu duelako; eta bestetik, sindikalismoaren egoerarengatik”. “Zerbitzuen sindikalismo desideologizatu eta saldua”, etorkizunik gabea, kritikatu ondoren, horri aurre egingo dion sindikalismoaren alde egiten du LABek. Halaber, “esparru sindikal abertzalean indarrak biltzearen” aldeko apustuari eusten dio. “Horregatik –diote txostenean–, kontraesanak eta tirabirak badiren arren, sindikalismo abertzaleak bere esku du euskal langile klasearen protagonismoa indartzeko aukera, baita Euskal Herriak bizi duen aldaketa politikoan eragiteko eta patronalaren aurrean gure indar korrelazioa hobetzeko aukera ere”.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa