2008-05-25 -- 2138.zenb
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ordezkaritza duen euskal sindikatu bakarra da LAB. Joan den urte amaierako azken datu ofizialen arabera, 42.000 afiliatutik gora (42.133) ditu. Azken lau urteotan soilik, 7.660 afiliatu gehiago ditu; hots, afiliazioa %22,22 igo da 2003tik 2007ra. Lau urteko epe horretan, 500 ordezkari sindikal gehiago ditu LABek. Lurralde guztietan hazkundea antzekoa izan dela dio sindikatuak. Egun, 57 egoitza ditu, eta haietan 160 bat lagunek egiten dute lan.
LABek %16ko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian. EAEn %17,12koa da, ordezkaritza handiena 50 langiletik gorako enpresetan duela esan behar bada ere. 2007. urtearen amaieran, 4.337 ordezkari zituen Hego Euskal Herrian –3.505 EAEn eta 832 Nafarroan–. Ipar Euskal Herrian, jakina, askoz ordezkaritza txikiagoa du, kontuan hartu behar baita sindikatua orain dela gutxi ezarri zela hiru lurralde horietan.
LABek nazioartean gero eta onespen handiagoa duela amaitu da Rafa Diezen agintaldia. Esaterako, 2006ko abenduaz geroztik, Munduko Federazio Sindikaleko (MFS) partaide da LAB, eta ez da, ez, testigantza hutseko onespena. Are gehiago, maiatzaren 19an eta 20an, Meatzaritza eta Metalurgia Industrien Sindikatuen Nazioarteko Biltzarra egingo da Donostian, LAB anfitrioi dela.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa