Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-05-25 -- 2138.zenb

Teodoro Hernandorena

Ipar-Hego lokarria

Urko Apaolaza

Galdutako belaunaldi baten ikurra zen Teodoro Hernandorena, “Euskadiren alde, edozer” esaten zuen horietakoa. Bere bizitza mila errimatan luza daitekeen kopla bat da. Kulturgilearen biografia argitaratuko du laster Larramendi Bazkunak.

Hernandorenak “begi kolpea” deitzen zion talentuak plazaratzeko zuen abildadeari. Ehiza horretan, Zizurkilgo abertzale eta euskaltzaleak, hamaika kultur ekimen atera zituen aurrera, berdin Errepublikako urte zolietan edo gerraosteko erbeste mortuan. 96 urterekin hil zen Donibane Lohizunen (1898-1994), eta funtsean, bizitza oparo horretatik bi printza gogoratzen dira: Euzkadi dokumental aitzindariaren egilea izan zela; Xalbador eta Mattin bertsolariak oholtzara eraman zituela.

Baina Teodoro Hernandorenak hori baino gehiago egin zuen. Hain zuzen, Larramendi Kultur Bazkunak haren biografia kaleratuko du laster Xabier Lasa historialari eta kazetariaren eskutik. Berak dio injustuki ahaztutako belaunaldi baten ordezkari zela Hernandorena, gizartea errotik alda zitekeela sinesten zuen belaunaldia, altruista eta idealista: “Teodorok, jendea ideia baten inguruan konbentzitzeko eta lanean jartzeko ahalmen berezia zuen”.

Mitinlari aparta, antolatzaile paregabea

Euskal kontzientzia pixkanaka bereganatu zuen zizurkildarrak. Familian gaztelaniaz besterik ez zioten egiten eta kalean ikasi zuen euskara. Zaragozan, medikuntza ikastetxean, euskal nortasunaz jabetu zen, eta Bilbon, Basurtuko ospitalean, abertzale bihurtu. Justo Garate eta Gotzon Irigarai izan zituen gidari ideologiaren bidaia horretan. Ipurterrea zen nonbait, ez geldi egotekoa, eta hori aski erakutsi zuen gazte denboran. Itsasontzi-mediku lanetan mundu osoan barrena aritu zen eta gero dentista izango zela otu zitzaion, jadanik ezkondua zelarik. Madrilgo fakultatetik bueltan dentista plaza hartu zuen Donostian.

Jakina, orain artekoa gazte bizkor baten itzulipurdiak besterik ez dira. Orduan, noiz hasi zuen Hernandorenak ibilbide ezohikoa? Noiz erabaki zuen “Euskadiren alde, edozer” eman behar zuela? Zalantzarik gabe, Errepublikako giroak izango zuen zerikusirik horretan. Dudatan ibili ondoren EAJko Eusko Gaztedian izena eman eta laster Gipuzkoako lehendakari izendatu zuten. Hizlari trebea zen, 120 mitinetan hartu zuen parte urte haietan, Aitzol, Telesforo Monzon eta beste hainbat abertzalerekin. Ordurako hasia zen prentsan artikuluak idazten, izan pilota erreboteaz, edo kulturaz: “Dr. Hernandorena, nor da?” galdetzen zuen Donostiako Argia aldizkariak, “urteetan gaztea, benetan euskalduna, aho-lanetan iaioa, hona Dr. Hernandorena nor den” segitzen ondoren.

Teodoro Hernandorena ez zen alderdi dotrina zalea, horretan Monzonen antza zuen: “Jeltzaleak zilborrari begira zeuden bitartean, kanporako politika ezarri zuen” dio Xabier Lasak. Horren adibide franko dira, baina bakarra hain nabarmena: Gipuzkoako Abesbatza sortu eta Guridiren Amaia opera-lana Bartzelonako Lizeora eramatea lortu zuen, Europako teatrorik garrantzitsuenera.

Bestalde, euskarazko lehen irrati saioa egin zuen Joseba Zubimendi eta Ander Arzelusekin, eta Euskaltzaleak, Eusko Pizkunde edo Eusko Nekazarien Bazkuna erakundeen sorreran buru-belarri aritu zen. Funtsean, herria eta euskara zituen maite eta haien alde borrokatu zuen bizitza osoan, euskara euskaldunek salbatuko zutela konbentzituta baitzegoen, Unamunok zioenaren kontra: “Euskararen heriotz-mina Parisen edo Madrilen bilatzea, gure ahuleziaren seinalerik egokiena da”, idatzi zuen behin Herria-n. Bide horretatik, harrigarria da nola berpiztu zuen errebotea bezalako kirol “hila”, euskal probintzien batasunaren ikur bihurtzeraino kasik. Zeregin horretan ikusten da hobekien Hernandorenaren pentsamendu ireki eta setatia, gero, Iparraldeko “erbestean” hain ongi erakutsi zuena.

Zinemagile, koiunturaz

Ez zen zinemagilea, koiunturak eraman zuen horretara. Izan ere, zizurkildarrak arte berriaren abantailak interpretatzen jakin zuen, ideia abertzaleak zabaltzeko tresna bezala, eta horregatik ekin zion 1933an Euzkadi errodatzeari, propagandarako lehen film-dokumental luzea. Herrialde asko Gerra Handian ohartu ziren zinematografoaren potentzialaz. Lumièren asmakizunarekin etsaia zeluloidetan erraustu zitekeen herritarren begien aurrean, eta iritzi publikoan eragin. 1920ko hamarkadan, zinema soinudunak mutua lurperaturik zuenerako, Euskal Herriko hamarnaka salatan AEBetako edo Frantziako pelikulak ikus zitezkeen, jadanik masa-aisialdirako produktu berritzaile bihurtuta. Baina bertako ekoizpena hutsala zen. Barakaldoko Azkona anaien estudioa izan zen zinema produzitzeko saio anbiziosoena, saio laburra, hala ere.

Testuinguru horretan, ez da harritzekoa EAJko hainbat alderdikidek errezeloz begiratzea Hernandorenaren proiektuari. Baliabide eskasak zeuden eta dirua erruz behar zen, errodajea aurrera aterako bazen. Dentistak bere poltsikotik ordaindu zuen guztia –orduko 5.000 pezeta–; lehenik Bartzelonako Cine-Foto etxearekin jarri zen harremanetan eta teknikari katalanek Euskal Herriko irudiak hartu zituzten 35mm-ko kamerekin. Ondoren soinua eta ahotsa jarri zioten filmari, baita irudi gehiago hartu ere. Emaitza izugarrizkoa izan zen. 2.500 metro eta 110 minutuko dokumentalean Euskal Herriko ikuspegi abertzalea erakusten zen: Agirre, Monzon eta Hernandorenaren hitzaldiak, herri eta museo askotako irudiak, Sabino Aranaren hilobia, lantegiak, meza irteerak, dantzak, pilota, feriak...

Muntaiak aurrera egin ahala, garrantzia hartu zuen. Izan ere, Hernandorenak aditu ezagunak erakarri zituen. Testuak idazten Bernardo Estornesek lagundu zion eta musika Aita Donostiak aukeratu zuen; Orfeó Catalák jarri zuen ahotsa. Julen Zabalo Txikik ere hartu zuen parte filman eta badirudi Jorge Oteizak eta Nikolas Lekuonak errodaje horretan egin zutela zinemarekin topo lehen aldiz, Ordiziako Urdanetaren etxeari irudiak hartzera joan zirenean.

Euzkadi 1933ko abenduaren 22an estreinatu zen Donostiako Casino Kursaalean. Sekulako arrakasta izan zuen eta Hernandorenak aurrez jarritako diru guztia berreskuratu zuen. “Erabateko emozioa sortzen duen bilduma plastiko patriotikoa da” zioen argiro El Día egunkari abertzaleak, estreinatu zen egunean. Tamalez, gaur egun film originala desagerturik dago, eta ez da ezagutzen haren kopiarik. 1936an, Gerra Zibila hasi zenean, Gipuzkoako EAJren egoitzan utzi zuten materiala eta frankistek erre egin zutela uste da.

Iparraldeko bertsolaritzaren sustatzaile

Gerra betean, Teodoro Hernandorena Agirreren Gobernuan aritu zen kultur ekimenak antolatzen –Elai Alai dantza taldeaz baliaturik batez ere–. Frankismotik ihesi Iparraldera joan zenean, bertako giroaz aberastu zen, beste asko ez bezala, egoera berrira ederki moldatuz. Horrela, hiru probintzietan euskaltzaletasuna sustatzeko lanean hasi zen segituan. Nola? Bertsolaritzarekin.

Pello Errotak eta Otañok txunditu omen zuten Hernandorena gaztetan. Bertsolariak, herritarrak euskaltzaletzeko zubia ziren beretzako. Horregatik, Aitzol eta Zubimendik lagunduta Hegoaldeko bertsolari ugari taberna zuloetatik atera eta oholtzaratu zituen. Iparraldean situazioa dramatikoagoa zen; bertsolaritzak ez zuen batere sinesgarritasunik jendartean. Baina zizurkildarrak, burugogorkeriaz, Hendaiatik Atharratzeraino zeuden txoko guztiak arakatu zituen bertsolari bila eta Donibane Lohizunen txapelketa antzeko zerbait antolatu zuen 1946an. Han bildu ziren, besteak beste, Urepeleko Xalbador eta Ahetzeko Mattin. Ordutik, hamaika saio egin zituzten biek, Hernandorena ondoan zutela beti ere.

Teodoro Hernandorena izan zen Iparraldeko bertsolaritza berpiztu zuena. Egun, bere izena daraman gazteentzako bertso sariketa egiten da urtero. Baina hortik haratago, pertsona horrek egin zuena Xanpunen bertso batek laburbiltzen du hobekien:

Bertsularitza zuri esker da
Iparraldean atzarri
Ta eskas zuen berotasuna
zuk bai diozu ekarri
Gu denen bila ez ote zira
ibilia herriz-herri
Gure artean anaitasuna
gainera zinuen jarri
Betidanikan izana zira
Ipar-Hegoen lokarri.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan