2007-06-17 -- 2093.zenb
Euskal Herriko aeronautikaren sektorea oso altu ari da “hegan” egiten eta, adituen eta analisten arabera, etorkizun bikaina du. Ipar Amerikako irailaren 11ko atentatuen ondoren, mundu mailako beldur eta krisi denboraldia jasan behar izan zuen sektoreak. Egun, krisi hori gaindituta dago. Hainbat arrazoik iragartzen dute aeronautikaren etorkizun ona: aireko zirkulazioak eta aparatu handien eskaerek mundu osoko merkatuetan izan duten gorakadak, merkatu zoko berriak, hegazkin pribatuak edota aerotaxiak.
Sektore horretako konpainiek, adibidez, ezaugarri bereziak dituzte Euskal Herrian: balio erantsi handia eta goi mailako prestakuntza duten langileak. 1997an, Hegan izeneko klusterra (sektore elkartea) sortu zen. Kluster horretan, aeronautikarekin zerikusia duten 35 enpresa eta zentro teknologiko daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aernova, ITP eta Sener dira sektore horretako enpresarik garrantzitsuenak. Kluster horretako enpresek aireontzi handien programetan hartzen dute parte, esate baterako, A-380 hegazkinean, Airbusen beste lanetan eta Boeing markako zenbait hegazkin motetan, baita Embrear eta Bombardier fabrikatzaileen lurralde hegazkinetan, negozioetarakoetan edota Sikorsky helikopteroetan ere. Erreportaje honen hasieran aipatutako CTAren laborategi berriaren lanak beste bultzada bat ekarriko du sektorearentzat.
EAEko aeronautikaren sektorean, 1999an, 2.922 langilek egiten zuten lan orotara; 2006an, berriz, 6.321 langile zituen, eta espero da datozen urteetan langile kopurua handitzea. Azken ekitaldi ekonomikoan, 2006an, 837 milioi euroko fakturazioa izan zuen, 2005ean baino %7 gehiago, eta Espainian sektoreak batez beste lortu zuena baino gehiago, %5 inguru handitu baitzen. Azken zortzi urteetan, fakturazioa bikoiztu egin da. Fakturazio oso horretatik, 570 milioi euro esportazioetatik lortu zuten. I+G oinarrizkoa da sektore horretan eta, iaz, 115 milioi euro bideratu ziren bereziki horretara, 2005ean bideratutakoa baino ia %49 gehiago.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa