2007-05-27 -- 2090.zenb
Euskal Herria herri txikia da, mendeetan zehar txikiago bihurtua. Gutxiagotzen joan gara euskaldunak, mendeetan zehar alde bateko eta bertzeko jende arrotzek menperatzen eta bereganatzen joan ahala, haien hizkuntzak nagusitzen joan diren neurrian. Gutxiagotzen joan gara euskaldunak, bertako jendeek beren interes sozio-ekonomikoak euskararen gainetik ikusi eta bilatu dituztelako. Gutxiagotzen joan gara euskaldunak, gu baino gehiago eta indartsuago direnen izaera eta arrazoiak gureak egin ditugulako, hobeak direlakoan; horrela gu ere handiagoak eta indartsuagoak izanen garelakoan. Horrela, kanpotik etorritakoek erdaldundu dute Euskal Herria, baina baita bertakoek ere.
Eta horretan ari dira kanpokoak, gaur egun ere. Eta horretan bertako hainbat ere. Gertakari hau Euskal Herri osoari badagokio ere, eremu batzuei nabariago. Nafarroari, errate baterako. Hemen Francoren diktadura berpiztu bailitzan bizi gara, hainbat ikuspuntutatik begiratuta. Badakit bertze lurraldeetan ere antzera pentsatzen dutela bertako egoeraz. Hala ere, Nafarroa eskuindartasunak markatuagoa duela iruditzen zait: bai Administrazioa, kultura mundua zein Eliza.
Urrun daude 2003ko hauteskundeak. Garai hartan alderdi nagusiak pool seinalea banatzen hasi ziren; hots, horretarako aurrekontua zuten talde politikoek telebista-produktora bat kontratatu, eta honen unitate mugikorra, kamarak, argiak, mikroak, garabiak… erabiliz, euren ekitaldien emanaldia grabatu eta dohainik telebista guzti-guztietako albistegi-zerbitzuei eman zieten kanpainan zehar. Orduan ikusi genituen, lehen aldiz, plano ezin hobeak, argiztapen biribilak… eta hitzak, musika, eta txaloak… denak ederto nahastuta, kazetariei editatzeko aukera lapurtzeko. Telebista guztiek musu-truk jaso zituztenez alderdi bi haien irudiak eta soinuak, ez zegoen mitinetan sartu beharrik ere. Istilurik edo pankarta desegokirik agertzekotan, kamara batek ere ez zuen hartu.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa