2007-04-08 -- 2083.zenb
Urrunetik bidaliagatik, batak etxerako bidean, besteak Mexikorakoan, mila esker anitz, Inazio, Itxaro, aurrekoan esandakoagatik, nire euskaldun berritasunak sorrarazi erru sentimendu kristaua arintzen saiatzeagatik. Hobeki sentitu naiz. Lehenagotik ezagutzen nituen hainbat euskaldunek ere elkartasuna erakutsi didate, berme morala, batzuek nire egoera berean zeudela/daudela aitortu didate. Armairutik atera izan banintz bezalako zerbait izan da –bueno, armairutik ateratzeak zer dakarren asmatzen badut, inoiz ez bainaiz benetakotik atera, baina hori beste kontu bat da–. Heuscara, jalgi adi. Bihotz harturik, lehengo konfiantza osoan, berrartzen ahal dut euskaldun idazlea izatearen nire hautua. Harik eta Inaziok, Itxarok eta beste hainbestek iruzur egin didatela Alberto Barandiaranen artikulu batek ikustarazten didan arte. “Baldin eta idaztea nork bere baitako ahotsari bidea ematea baldin bada, nola sorlekuko magia horren hizkuntza ez erabili? (...). Beti interesatu zait beste hizkuntza bat hautatzen dutenena. Euskaldunak izanda, gaztelania erabiltzen dutenena, esan nahi dut. Kepa Murua, Gil Bera, Irazoki bera. Ez dira asko, egia da, baina beti iruditu zait ez zaiela erraza egiten hautu hori justifikatzea”. Kontrarako argudio bidea ontzat hartuta, berriz ere nago zalantzarik aseezinenak, beltzenak jota.
guztia irakurri© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa