2006-10-29 -- 2060.zenb
Inmigrazio eta indibiduazioaz hitz egiteko eskaera honi erantzunez, lehenengo eta behin, indibiduazioa gizarte eta kultura modernoen prozesu erabakiorrenetarikoa dela uste dut. Norberekeriarekin kidetuta indibidualismoak betidanik prentsa txarra izan du. Nahiz eta erro berberekoak izan, nahiz eta askotan bataren bukaera eta bestearen hasiera zehaztezinak izan, indibiduazioa eta indibidualismoa ez zaizkit gauza bera iruditzen.
Indibiduazioaren prozesuaren bidez, bigarrenik, gizaki indibidualaren nolabaiteko sorrera adierazi nahi da; gizakiak taldetik, talde logikatik, taldearen logika kolektibotik harago duen aukeran eraikitzen dena. Egun, badago egon, filosofia inozo bezain arriskutsua, gizakiaren erantzunak bere baitan daudela dioena, introspekzioz jakin beharrekoak, eta gizaki ez sozializatu batez hitz egiten duena. Ez naiz horretaz ari, beste prozesu batez baino: gizartearekin nolabaiteko haustura bat bizi ondoren, gizaki indibidual modura osatzea permititzen digunaz.
Horrela, gizaki indibidualari, azkenik, bere bizitza helburuak definitzen partaide aktibo izan dadila eta, ilustratuek nahi bezala, dagozkion erantzukizunak bere gain har ditzala eskatzen zaio. Gizaki eta kolektiboaren arteko marra zehaztezin batean sortzen da tipo hau, eta tipo honek uste du bere bizitzaren gidari bakarra bera dela, guztiz hala izan ez arren. Baina, bestalde ere, tipo hori ez da soilik logika kolektiboaren morroi edo txotxongilo. Honelako gizakien ugalketak arrisku sozial nabarmenak dakartza, menderazaila delako, eta etorkizuneko edozein binkulazio sozialek, moral kolektibo bat itsuki jarraitu beharrean, gizaki indibidualaren adostasun askea beharko duela iragartzen digulako, eta hortik sortu gizarteak oso ahulak eta nekagarriak dira, egunerokotasunaren definizio negoziatu etengabea eskatzen dutelako. Ez dakit neurria emateko gai izango garen, baina etorkizuneko bizitzaren zutabeek euskarri labainkorrak izango dituzte, hala ekonomian nola politikan, hala harreman pertsonaletan nola segurtasunean.
Ņabardura ugari beharko lituzkeen atariko deskribapen honek adibide batera jotzeko balio digu. Seguruenik, inmigrazioaren kausa eraginkor eta arruntena ekonomikoa izanda ere, egon daiteke askatasun indibidualaren bilakaeran oinarritzen den migraziorik. Beste hainbat kasutan askatasun hau migrazio ekonomiko baten osteko ondorioa izan daiteke. Gerta daiteke baita ere askatasuna astiro irabazi ondoren galdutako kasurik. Honelakoa da adibidea eta garrantzi handikoa dela uste dut.
Fadela Amarak, Ni putas ni sumisas liburu ezinbestekoan, magrebtarren alaba ugariri Frantzian gertatutakoa kontatzen du. Neska hauek, gehienak Frantzian jaioak ziren eta guraso inmigranteen alabak. Sektore industrialean lan egiten zuten aitak zituzten eta bizitza zeharo aldatu zitzaien, euren gurasoak, batez ere aitak, langabezian geratu zirenean 80ko hamarkadan. Ordura arte, honelako alaba askok ikasketak eginda zituzten, bizitza propioa garatuta, etorkizuna diseinatua, aukerak zabalik, euren bizitza neurri batean auto-kontrolatzen zuten. Ordutik hona, aitak zuen autoritatea ahuldu egin da eta haren ordez nebak jarri dira. Aldaketa honek garrantzi gutxi luke neskengan eraginik izan ez balu. Zertan da aldaketa?
Hasteko, gurasoei ez zitzaien gustatzen alaba frantsesturik, betiko tradizioaren baitan jarrai zezaten nahiago zuten. Baina alabek euren status eta ametsak frantses emakumeekin erkatzen zituzten eta mimetizatu ere. Finean, egoera hau gurasoek onartu egiten zuten, gure gurasoek gu bezalako seme-alaba sekularizatuak onartu zituzten moduan. Magrebtar gurasoak ere erlijioaren indar galtzeaz konszienteak ziren eta beronen indar koerzitiboaren faltan, gutxienez, jakinda erlijioak modernotasunaren erakargarritasunaren aurrean borroka galdua zuela, tradizioak eduki zezakeen kode moral aprobetxagarriaren biziraupena bermatua ikusi nahi zuten. Bestalde, seguruenik, gurasoak seme-alaben lorpenekin poztu egingo ziren, hortik bideratzen baita integrazioaren zati handienetarikoa, seme-alabengan proiektaturikoan. Emakumeengan gainera lorpenak ezinbestekoak ziren sare tradizionaletan ez erortzeko eta baztertuak ez suertatzeko. Karrera pertsonala, ahal den autonomiarik posibleena, emakumeen -magrebtar eta frantsesen- etorkizun bakarra izan da, eta da.
Gurasoek lanbidea galtzearekin batera hainbat gauza galdu ziren: gurasoen autoritatea, semeen etorkizuna eta alaben askatasuna. Etorkizunik gabe, Frantziak berdintasuna eskaini ondoren jokoz kanpo utzi zituenean, nebek mendekua katebegi ahulagoan bilatu zuten: arrebengan. Horretarako, islamaren bertsio integrista batera bihurtu ziren eta arrebak etxeratu gura izan zituzten. Neurri batean lortu ere. Horrelako egoera baten aurrean, neskak kode bikoitza erabiltzera behartuta ikusi ziren: auzoan islamaren logika eta auzotik kanpo kode frantsesa. Hor sortu zen mugimenduaren oihua: Ģez puta, ez menpekoģ.
Oihu horrek des-indibiduazio prozesu baten aurrean autonomiaren printzipioa kontrajartzen du. Askotan honelako prozesuak ia ezinezkoak dira migrazio mugimenduetan, batez ere norbere taldeko sareen laguntza behar denean eta, ordainean, oso gustura egin arren, logika kolektibo gaindiezin bat inposatzen denean. Migrazio erak asko dira, erantzun posibleak ere bai eta deskribatu dena kasu bat baino ez da. Indibiduazio prozesua oso interesgarria da, arrisku ugari ditu, baina Zygmunt Baumanek dioen moduan gizarte solido batetik likidorako bidean gaude, baina hau beste kontu bat da. Amaitzeko, mesedez irakurri Fadela Amararen liburua, ez zarete damutuko.
oso interesgarria iruditu zait
maitane 0000-00-00 00:00:00Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa