«GURE ESTILOA ROCK&ROLLAREN INGURUAN FINKATU DUGU»


2002ko irailaren 01an
Minutu bat besterik ez zela esan eta langilearen oihu artean hitzartutako tabernan sartu ginen korrika. Urte guztian obratan dagoen herria da Eibar. Pintxoa ahoan zuela tabernatik atera eta Arratera bidean dagoen berdegune batera eraman gintuen Mikel Gorosabel «Norton»ek, EH Sukarrako abeslariak. Bere txakur atseginaren begiradapean gustura erantzun zizkigun egindako galderei.

"Galtzailearen egunak" izenburuak disko osoaren mamia laburbiltzen du, ezta?
Guk gizartea "irabazleentzat" egina dagoela uste dugu, eta diskoan bederatzi pertsonaia bildu ditugu, bederatzi "galtzaile" ezberdin. Lehenengo abestiak, "Galtzailearen egunak", berriz, orokorrean hitz egiten du, guztia laburbiltzen du. Bestalde, bederatzi pertsonaia hauek, gizartearentzat galtzaile diren hauek, guretzat ez dira galtzaileak. Izan ere, guztiek baitute "irabazleei" zerbait irakasteko.

Zeintzuk dira bederatzi pertsonaia horiek?
Bada emagaldu izateaz damutzen ez den emakumea "Ama-galdua" kantuan; gizon-emakume menopausikoak ere "Zakilpausis"en, sexualitatea galtzen ari direnak izango lirateke horiek; denetarik izan arren, "Playstation"... maitasuna falta duen umea; bihotza galdu duen beste bat ere bada "Bihotz galdua" kantuan; "Senaren zama" abestiak, adibidez, gabezi fisiko bat izanik seigarren zentzu bat garatzen duenaz hitz egiten du; orain mementoan horiexek gogoratzen ditut.

Berriro ere hitzetan Asier Serrano izan duzue lagun.
Azkenengo hiru diskoetan berak idatzi ditu kantu guztiak, "Ura sutan", "Sua urtzean" eta "Galtzailearen egunak" honetan. "Garaien laberintoan", hirugarren diskoan hasi ginen elkarlanean. Sasoi hartan erdibana egiten genituen eta hortik aurrera jada berak hartu zuen hitzak idazteko ardura osoa. Egia esan, nire kasuan kristoren lasaitasuna da. Ni idazteko gai naiz, baina ehun kantu egiten baditut, adibidez, askoz errazagoa suertatzen zait doinuak egin eta konposatzea letragintzan aritzea baino. Disko hau prestatzen lau hilabetez aritu gara jo ta su. Orduan kantak eginda nituenean, jada ideia pixka bat hitz eginda geneukan, Asierri pasatu eta bi edo hiru asteren buruan abestiak idatzita zeuden. Silabiko antzeko bat egiten diot, bertso baten antzeko bat. Euskaraz, adibidez, bi silabako hitzak zailak dira topatzen, zailenak batekoak dira... orduan, horrela gauza horiek zaindu egiten ditugu. Teknika horrekin ongi ulertzen gara eta di-da egiten ditu hitzak.

Doinu aldetik zuen estiloari eutsi diozue...
Bai, nik uste dut doinu aldetik estiloa finkatu egin dugula. Aurreko diskoan ere zenbait abestitan igartzen zen joera hori, baina gehienbat disko honetan finkatu dugu estiloa. Estilo konkretu bateko kantuak egiten saiatu gara. Beno, irtetzen dena egitera ere joan gara; ez gara kantuaren bila joan, kantua etorri egiten da, ez zara zu bila joaten. Baina saiatu gara kantu nahiko rock&rolleroak egiten. Ez dugu balada edo antzekorik sartu nahi izan. "Bihotza galdua" kantuan daude balada kutsua duten zati bakarrak: sarrera txiki bat eta bukaera txiki bat. Kantuak egiterakoan burua larregi ez jaten saiatu gara, freskotasuna topatzen, baina kantua istorio bat izango balitz moduan hartuta: sarrera, erdiko korapiloa eta amaiera duena. Ez dugu nahastu nahi izan lelo konplikatuak ateratzen, kantuak lelo bat eta riff zati bat zeukaten, kantua eginda zegoen, konplikaziorik barik, irtetzen zen moduan, kantuari arnasa hartzen uzten. Orduan, hamasei bat bozeto genituen eta hortik hamar kanturen aukeraketa egin dugu. Eta hamar abesti onak izan dira, horregatik pozik nago. Izan ere, disko bat egiterakoan, beharbada, kanturen batekin ez zara gustura gelditzen, edo esaten duzu: "Kantu hau ez nukeen grabatu behar, leloa oso ona du baina gero ez dut puzzlea ondo osatzea lortu".

Jarraitzaile sutsuek, normalean, ez dute gustuko izaten beren taldeek estiloz aldatzea, ezta?
Jende askok lehenengo diskoaren antza hartu dio. Doinu aldetik askoz ere zuzenagoa delako eta lehenengoa kenduta egin dugun diskorik kañeroena delako. Nik gehien maite ditudan diskoak dira: lehenengoa, duda barik; bigarrena ere bai, oso pertsonala delako, hitzak, musika, guztia nik egin nuen, depresibo ukitua du baina jende asko dago disko hori atsegin duena; eta gero hirugarrena, "Garaien laberintoan", oso disko bariatua da, hor daude "Hamar urte gartzelan", "Aska insumisoak"... Guk hasieran ez genuen estilorik, irtetzen zitzaiguna jotzen genuen eta disko hori horren isla da; "Ura sutan" lana ez da maiteenetarikoa, abesti batzuk bai, noski; gero "Sua urtzean", aurrekoa, oso gustura egin genuen; eta oraingo honekin ere geldituko nintzateke.

Beti azken lanarekin gelditzen da bat, ezta?
Ez dakit bada, "Lorelei"n, adibidez, bi disko ditugu eta lehenengoarekin geldituko nintzateke.

Nola joan da grabaketa prozesua?
Kantuak lokalean landu eta gero «loro» batean grabatzen ditugu egindakoa gogoratzeko. Ondoren, etxean transkribitu eta midi bateriak prestatzen ditugu kantuen egiturak ondo finkatzeko. Bateriajoleak egiten duenaren arabera, midi bateria bat prestatzen dugu etxean. Berak ordenagailu bat dauka lokalean eta pantailari begira kantua jarraitzen du partitura bat bailitzan. Hortaz, berak berehala daki noiz jo behar dion platoari, noiz datorren redoble bat... Estudioan ere hori egin dugun lehen aldia izan da. Fakundok diskoa ordenagailu aurrean zuela eta partitura jarraituz grabatu du. Grabaketa prozesua nahiko arina izan da, erabaki eta egin, promozioa-eta kontuan hartuta, sei bat hilabete aritu gara lanean.

Gaur egun Euskal Herrian bizi daiteke norberaren gustuko musika eginez?
Bizi baino, erdizka bizi daiteke. Semiprofesionaltasun bat lor daiteke. Kontzertuak badaude, bizi daiteke. Gertatzen dena da orain mementoan nahiko geldi dagoela giroa. Talde asko daude, kontzertuak ere ez dira hainbeste antolatzen, beti daude plaza finko batzuk, hemengo jaietan eta beste herri horretako jaietan, zirkuitoa eginda dago. Gero bitartekaritza lanak egiten dituzten enpresak ere badaude, kontratazio enpresak deitzen direnak, horiek ere hor dabiltza otsoen pare. Guk gure kontura dihardugu: kontratazioa nik daramat, telefonoa hemen daukadana da eta nik egiten dut tratua. Dena dela, gauzak maila partikularrean egiteak ez dakit eraginik daukan. Egia esan, gu ezin gara kexatu. Talde mailan musikatik zerbait atera dezaketen artean gaude, hor dago Etsaiak ere bai, Su Ta Gar, adibidez, gure inguruko talde profesional bakarra da. Eta gero badaude asko jotzen duten taldeak, baina ez nuke esango catché on batekin emanaldi asko eskaintzen dituen talde asko dagoenik.

Euskal Herrian musika merkatua badago. Bestalde, ba al da kontsumitzeko ohiturarik?
Finkoak diren pertsonak daude, jarraitzaile sutsuak direnak eta beti erosteko ohitura dutenak. Baina egia da beste jende askok ez duela euskal musika erosteko ohiturarik. Gure kasuan, adibidez, gure disko berria Eibarren leku oso gutxitan entzun dut. Eta kalean bi edo hiru aste zeramanean ere taberna askotan oraindik ez zuten diskoa. Gero gainera larunbat gauean kalera irten eta betikoak entzuten dituzu, "Aserejé" eta horiek guztiak, toki guztietan ez baina... Dena dela, badago zure lana baloratzen duen jendea ere bai. Guk kontzertuetan harrera oso ona izan dugu, jende askok taldea jarraitzen du, hitzak dakizki...

Kalean gero eta disko pirata gehiago ikusten dira eta etxean gero eta jende gehiagok du CD grabagailua.
Lehengoan ikasle batekin izan nuen gai horren inguruko eztabaidatxo bat. Berak zioen ikasleak dirurik ez duenez beltzari erostea dela aukera bakarra. Baina nik esaten nion mila edo bostehun pezeta gehiagorengatik originala zuela eta beltzari ordaindu beharreko mila pezetak berdin-berdin lortu beharko zituela. Ez dira bi mila, baina mila pezeta ere ez dira zero. Orduan nik ikasle horri lagunari eskatu eta etxean grabatzeko esango nioke. Hori pirateo normalagoa iruditzen zait, tranpa egina dago, lehen kasetarekin egiten genuen moduan. Gaur egun grabagailua etxean baduzu nork esan behar dizu ez kopiatzeko?

Pirateoaren igoera igarri al duzue salmentetan?
Euskal Herrian ez gara talde txikia, baina orokorrean bai, orduan ez digu ia eragin. Dena dela, lehengoan Eibarren bertan ikusi nuen bat gure disko berria saltzen. Horrek esan nahi du atzean dagoen tipoak baduela CDa, eta tipoak jendeak eskatzen diolako dauka CDa. Hortaz, norena da errua? Beltzarena ala erosten dionarena? Horren inguruan nik gauza bat garbi daukat: pirateoa beltzekin lotuta dago hemen eta beltzak berrogei pezeta irabazten ditu CD bat saltzeagatik. Orduan ni beltzarekin ostiaka hasi eta CDa apurtu behar diot nire diskoa saltzen ari delako? Horrela jokatu behar dut? Beharbada nire arrazoiak izango nituzke horrela jokatzeko. Baina hori ez da irtenbidea. Irtenbidea pertsona horiei paperak ematea da. Horrela, ostalaritzan, etxegintzan, taberna batetan edo beste edozein lan dezentetan arituko dira eta ez dira mafioso horiengatik esplotatuak izango. Horregatik, Estatuko hainbat musikarik pirateoaren kontra egin dituzten kanpainak hipokrisi hutsa iruditzen zaizkit, pirateoaren atzean beste arazo hori baitago. Argi dago gu ari garela hori ordaintzen. Langile bati hilean ez dakit zenbat diru kentzen badiote lapurtu egin diotelako haserretu egingo da, bada guri berdina gertatzen zaigu, normala da haserretzea.

Hamahiru urte eta sei disko besapean. Ez da erraza izango hainbeste denbora maila horretan mantentzea, ezta?
Erraza? Ez dakit. Guretzat kristoren fenomenoa da, gure bizitza da. Talde baten barne ajenteak eta kanpo ajenteak daude. Laugarren diskoa grabatzera gindoazela, adibidez, lehen geneukan gitarrak, "March"ek utzi egin zuen taldea eta hori, agian, "Ura sutan" diskoan igartzen da. Orduan, urte horretan eta hurrengo bi urteetan morala pixka bat baxu izan genuen. Baina etenaldirik ez genuen izan, jendeak uste du geldi egon ginela eta errealitatean bi hilabete-edo bakarrik egon ginen geldi. Gero, orain dela hiru urte, "Sua urtzean" kaleratzearekin bat indarberritu egin ginen. Ordutik hiru urte lasai ibili gara. Jendeak galdetzen dit ea zergatik utzi dugun hiru urteko tartea disko batetik bestera. Nik gauza natural bat dela erantzuten diet. Gure moduko talde bat ezin da urtero disko berri bat kaleratzen ibili, izan ere, jendea ez litzateke konturatuko lan berri bat argitaratu duzula. Urtean disko bat kaleratuko bagenu honezkero hamabi-hamahiru lan izango genituzke, eta horietako pila bat galduta egongo lirateke hortik. Hobe da lasai hartzea eta gauzak ondo egitea

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude