1993-10-24 -- 1454.zenb
Azken berriek diotena gauzatuz gero, eta horretarako EAJ eta PSOEren arteko akordio politikoa behar da, Euskal Herrian Euskal Banku Publikoa izango dugu. Honen eremua EAE izanagatik ere, Mario Fernandez abokatu ekonomilaria, J.R. Goikoetxea «Ardotxi» «Egin»eko kazetaria eta Manu Alvarez ekonomilariarekin aritu gara banku hau zer izan daitekeen jakiteko.
ARGIA. Zertarako behar dugu Euskal Banku Publikoa?
MARIO FERNANDEZ. Izan daiteke kreditu institutu ofiziala, eta honen bidez Administrazio publikoaren finantz jarduera bideratu. Bigarren urrats batean, euskal banku erakundeek gaur egun Madrilen jartzen dituzten koefizienteen jarlekua izan daiteke. Eta azkenik, une honetan aurrikusten ez den banku zentrala izan daiteke, hau da, edozein herrialdek duen banku zentrala. Azken hau burutzeko gaur egun ez dugun subiranotasuna beharko genuke eta horregatik posibleenak lehenengo bi aukerak dira.
A. Nork izan beharko luke banku honen ardura? Eusko Jaurlaritzak ala Madrileko Gobernuak?
M. F. Argi eta garbi, euskal instituzioek. Posible da bien arteko koordinazio irizpideak ezartzea finantz politikari dagokionez. Baina, hala ere koordinazioa berdinen arteko negoziazioa da.
A. Zer diru izango luke? Nola jokatu, burtsan, salerosketetan?
M. F. Kreditu industrialeko institutu ofiziala bada, eta honen bidez finantz jarduera koordinatzen bada, Eusko Jaurlaritza eta diputazioetako aurrekontuetatik dirua jaso beharko luke. Bestetik, bertako banku erekundeek gaur egun Espainiako Bankuan jarri behar dituzten koefizienteak Euskal Bankuan jarriko balituzte, bigarren diru iturria izango genuke. Banku bezala, diru horrekin trafikatu beharko luke diru hori errentagarria egiteko eta horrela ere diru sarrera gehiago lortu.
A. Zer ekarriko lioke euskal ekonomiari?
J.R. G. Aztertu beharko litzateke gestioa eta duen gaitasuna gestio hori aurrera eramateko. Argi dago estatuak badituela karta politiko batzuk, eta esku sartzen ez badu ikusi behar zer gertatuko litzatekeen. Hala ere, eragina izango luke, batez ere sektore publikoan, baina euskal ekonomia bizkortzea ez dut uste posible denik banku publiko batekin, gauza asko aldatu beharko lirateke.
M. F. Ez du zertan suntsipena ekarri behar, finantz erakunde berria baita. Oso desberdina da erabilpen ona edo txarra egitea, baina ez du ondorio txarrik ekarri behar. Diru kopuru garrantzitsu baten bideraketa administrazio publikotik egitea ez da ezkorra, baikorra baizik. Hau da, une honetan Madrilera doan dirua hemen gelditzea esanahi du.
A. Nazioarte mailan, diruen gorabeherak direla eta, ez al zaigu bankua handiegi gelditzen?
M. F. Ez, zergatik? Azken batean, banku horrek edozein diruzaintza saileko irizpide berberak erabiliko ditu eta horren arabera merkatuan jarriko dirua, beste herrialde baten zor publikoan edo atzerriko txanponetan edo errentagarria iruditzen zaion beste inbertsio batean.
A. Diruarekin espekulatzeko sortuko den bankua da?
M. F. Honek diruarekin egingo duena lege baten bidez zehaztuko da eta enpresen laguntzarako, kreditu eta beste gazua batzuen artean, diru horrekin negoziatu beharko luke.
Myriam Gartzia
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa